Andoaingo Udalak Azpikolako AHTaren lanak geldiarazi ditu

Abuztuan, kautelazko neurri moduan, eten egin zituen obrak; «irregulartasunak» zeuden baimenetan

Ana Karrere Andoaingo alkatea Azpikolako lanak gelditzen. BERRIA.
Arnaitz Lasarte.
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ana Karrere Andoaingo alkateak geldiarazi egin ditu Azpikola 2004 SL enpresak Azpikolako harrobian baimenik gabe hasi dituen AHTari lotutako lanak. Herritar batek berri eman zien harrobiaren sarbidean hondeamakinak lanean ari zirela. Alkatea udaltzainekin Azpikolara gerturatu zen, eta lanean ari zen enpresaren jabeari gogorarazi zion ez duela udalaren baimenik bertan inolako lanik egiteko.

Obrak geldituta, udaltzaingoak txostena egin du; eta udalak hurrengo egunetan erabakiko du baimenik gabe lanean ari zen enpresaren aurka zein neurri hartuko duen. Alkateari larria iruditzen zaio lanean ari zen Azpikola 2004 SLren jokabidea: «Enpresa honek oso ondo daki obrak ezin dituela hasi; legeari muzin egin dio, eta hondeamakinak sartu ditu zigorrik jasoko ez duelakoan». Andoaingo Udalak adierazi du lanean jarraituko dutela Azpikola inguru naturala denek errespeta dezaten.

Abuztutik, lanak geldituta

Andoaingo Udalak, kautelazko neurri moduan, abuztuan eten egin zituen Azpikolako harrobia berriz irekitzeko lanak. Azpikola 2004 SL enpresari aurreko udal taldeak emandako baimenean «irregulartasunak» daudela uste baitute. Karrereren udal taldeak, lanak eteteko oinarri gisa, EAEko Ingurumena Babesteko Lege Orokorra eta Lurzoruaren eta Hirigintzari Buruzko Legea erabili zituen. Lege horien arabera, enpresak obra baimena jaso aurretik aktibitate baimena behar du; eta baimen horiekin «gorabeherak» zeudenez, harrobiko lanak gelditu zituen.

Atzo arratsaldean, Andoainen bertan, Urnietara bidean elkarretaratze bat egin zuten, AHTaren obrak gelditu!! lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.