Biharamuna, protesta eguna izan zen atzokoa Euskal Herriko dozenaka herritan: Caridad Angeles Rodriguez tolosarraren hilketa gaitzetsi zuten ehunka herritarrek. Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak antolatuta egin zituzten elkarretaratzeak. Hilketa bidegabea dela salatu dute: «Andre izateagatik hil dute».
Genero indarkeriagatik aurten Euskal Herrian hildako lehen emakumea da Caridad Angeles Rodriguez. 39 urte zeuzkan, eta ume bat. Igande arratsean aurkitu zuten haren hilotza, etxean, lepoan labana zauriak zituela. Rodriguezen bikotekide ohiak eman zuen abisua; bien umea andreari eramatera joan zen, baina ez zion ireki. Ertzainei azaldu zien, eta haiek aurkitu zuten gorpua.
Andrearen bikotekidea atxilotu zuen Poliziak. Bera agertu zen etxebizitzara, artean ertzainak inguruan zirela, eta hilketa aitortu zuen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera. 26 urte ditu atzemandako gizonak, eta genero indarkeriagatik aurrekariak ditu, besteak beste; 2009an atzeman zuten, orduko bikotekideari mehatxuak egiteagatik. Gizona erietxera eraman zuten lehenik, zaurituta zegoelako —bere burua zauritu zuela uste du Ertzaintzak—, eta gero, polizia etxera. Han dago geroztik. Gaur da igarotzekoa epailearen aurretik.
Txarola: «Gaitz soziala da»
Emakumeen aurkakoa indarkeria «hedatuenetakoa» dela ohartarazi zuten atzoko protestetan. Aurten hildako lehen andrea da Rodriguez, baina beste asko eta asko ere ari dira egunero pairatzen indarkeria, elkarretaratzeetan salatu zutenez. Gisa bereko mezua utzi zuen Lohitzune Txarolak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak: «Tamalgarria da hain denbora laburrean horrelako bi elkarretaratze egin behar izatea». Legealdia hasi zutenetik Gipuzkoan hildako bigarren andrea da Rodriguez —orain hurrena Rosario Roman hil zuten, iazko uztailean, Hernanin—.
Batzar Nagusietako talde guztietako ordezkariek eguerdian egin zuten protesta atzo; haiekin batera izan ziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria. Isilik egin zuten elkarretaratzea, Emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidearen alde leloa zeraman kartel baten atzean.
Indarkeriari aurre egitera deitu zuten Batzar Nagusietako eta herrietako elkarretaratzeetan. Txarolaren esanetan, «gaitz soziala» da genero indarkeria, eta itxaropena agertu zuen protesta gehiago egin behar ez izateko. Mundu Martxarako Plataformak esan du «patriarkatuaren oinarrian» dagoela indarkeria eta «betikotu» egiten duela andreen mendekotasuna.
«Andre izateagatik hil dute»
Caridad Angeles Rodriguezen hilketa salatu dute ehunka lagunek; emakumeen kontrako indarkeria «hedatuenetakoa» dela esan duteAndrearen bikotekideak atxilotuta jarraitzen du; gaur deklaratzekoa da epailearen aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu