Langile mugimenduak gerraostetik trantsiziora bitartean izandako bilakaera aztertu du Nerea Perez Ibarrola historialari eta NUPeko irakasleak (Iruñea, 1984), Nafarroako Gobernuak argitaratutako Langileria berri baten eraketa liburuan. Bereziki andrazkoek mugimendu horren barruan eginiko «lan ikusezina» azpimarratu du.
Frankismoaren azken bi hamarkadak ikertu dituzu, batez ere Euskal Herriko mugimendu sozialak eta borroka sindikala. Zer rol jokatu zuten emakumeek gatazka horietan?
Ezinbestekoa. Historikoki, mugimendu sozial eta sindikaletako militantzia oso modu hertsian ulertu izan da: bilerak, grebak, aldarrikapenak... Horretara mugatzen da. Baina nola berma zitekeen fabrika batean 40 bat beharginek bi hilabeteko greba egitea, atzean emakume asko egon ez balira, borroka horri sostengua ematen? Horrekin ez dut gutxietsi nahi emakumezko militanteek lehen lerroan eginiko lana, ezta pentsatu ere. Andre askok parte hartu zuten sindikatuetan, protestetan eta langile mugimendua antolatzen, baina beste askok, gehientsuenek, lan ikusezin bezain garrantzitsua egin zuten: etxean, zaintza lanak egiten, seme-alabez arduratzen... Lan isil hori ez dugu inoiz aintzat hartzen, baina horri esker garatu zen langile mugimendua. Greba batean, adibidez, nor arduratzen zen kalean protestaka zirenei geriza emateaz, hogei pertsonarendako bazkaria prestatzeaz, itxialdi bat egiten ari ziren langileei tapakiak eta arropa eramateaz? Andreen ekarpen hori aintzat hartu gabe ez dago ulertzerik diktaduraren hondar urteetako nahiz trantsizio garaiko langileen borroka.
Historiografia ofizialak, ordea, apenas jorratu duen andreek 1960ko eta 1970eko urteetako borroka antifrankistari eginiko ekarpena...
Greban zegoen gizonezko langile bakoitzaren atzean emazteak, amak eta alabak zeuden, baina hori ez da inongo historia liburutan azaltzen. Eta ekarpen horri ezin zaio ez ikusiarena egin; aitortza zor diogu. Hiriburuetako auzoetan, adibidez, ezinbestekoa izan zen andreen sostengua. Auzoetako mugimendu sozialak, hein handian, emakumeei zor dizkiegu: nork ezagutzen zituen auzoetako beharrak eta gabeziak? Emakumezkoek, gertu-gertutik ezagutzen zituztelako. Beste inork baino lehenago identifikatzen zituzten arazoak: haur eskola bat edota osasun etxe bat behar zela, seme-alabak hiriko beste muturreraino eraman beharrik ez izateko? Auzoko emakumeak izan ohi ziren halakoak salatzen lehenak. 1960 eta 1970ko hamarkadetako emakumeek oso ekarpen garrantzitsuak egin zituzten, baina tamalez bigarren mailan egon dira beti.
Zaintza eta etxeko lanetan ibilitako emakumeak nabarmendu dituzu, baina, frankismoko azken urte horietan, andrazko ugari batu ziren mugimendu sindikalera, ezta?
Bai. Nafarroako industrializazioa metalgintzaren sektorearen inguruan egituratu zen, eta gizonezkoak ziren lantegi handietako behargin gehienak. Ondorioz, langileen mugimenduak ere kutsu maskulinoa zuen. Hala ere, emakumezkoek presentzia izan zuten sindikatuetan, hainbat sektoretan pisu espezifiko handia zutelako. Ehungintza, adibidez, oso sektore feminizatua izan da aspalditik, eta, hortik harago, andre asko aritu ziren fabrika eta lantegi handietan, bulegoetako idazkari nahiz telefonista lanetan. Nafarroan, Potasas de Navarra eta Imenasa ziren garai hartako lantegirik handienak, eta, askok ez dakiten arren, baziren emakumezkoak langile batzordeetan: gutxi batzuk aritzen ziren metalgintzan eta ekoizpen sailetan, eta gehientsuenak bulegoetan. Potasas enpresaz hitz egiten dugunean, adibidez, meategia datorkigu burura soilik, baina bulegoak ere bazituzten, eta langile batzorde propioa sortu zuten administrazioan lan egiten zuten emakumeek. Oso neska gazteak izan ohi ziren, garai hartan fabriketako emakume gehienek ezkondu arte soilik lan egiten zutelako.
Nolakoak ziren 60ko eta 70eko hamarkadetako emakumeen lan baldintzak?
Arrakala handia zegoen gizonezko eta emakumezko langileen artean. Andreek, adibidez, askoz denbora gehiago eman behar izaten zuten ikastun fasean, eta zer eragiten zien horrek? Bada, dezente gutxiago kobratzen zutela ikastun epeak iraun bitartean, eta askoz baldintza kaskarragoak zituztela. Emakumeek berezkoa zuten behin-behineko egoera hori. Hortaz, gizonezkoekin batera langile eskubideen alde borrokatzeaz gain, generoari lotutako desoreka ere gainditu behar zuten. Borroka bikoitza zen.
Eragile eta mugimendu sozialek behar bezala aitortu dute emakumeen lana?
Ez. Aspalditik, bikote militanteetan ohikoena izan da emakumeak urrats bat atzera egin behar izatea, gizonak militantzian aurrera egin zezan. Are gehiago duela lau edo bost hamarkada: biak sindikatu bereko kide izan eta militantzia aktiboan jardun arren, andreak hartzen zuen etxean gelditzeko erabakia. Hain zuzen, konturatuta nahiz konturatu gabe hartutako erabaki horrek ahalbidetu zuen gizonezkoen militantzia. Eta tamalgarriena da gaur egun ere desorekari eusten diogula hein batean.
Kontzeptuak berritu behar al dituzte eragile sozialek eta memoria historikoaren esparrukoek?
Bai. Askotan, memoria historikoaren ingurumarian gabiltzanok betikotzen ditugu kontzeptu zahar horiek; fabriketako langileen borrokaz daukagun irudi maskulinoa, esate baterako. Argi badugu borroka hori etxean gelditu ziren emakumeek ahalbidetu zutela, eta garrantzi berbera ematen badiegu lantegian pankartaren atzean aritzeari eta etxean lan egiteari, orduantxe hasiko gara egoera aldatzen, eta atea zabalduko diogu lan banaketa orekatuago bati.
Frankismoa. Emakumeen lekua. Nerea Perez Ibarrola. Historialaria
«Andreak aintzat hartu gabe ezin da ulertu 70eko hamarkadako borroka»
Frankismoaren hondar urteetan, langile mugimenduaren inguruan eratu zen protesta olaturik indartsuena. Baina Nerea Perez ikerlariak uste du garai hartako kroniketan emakumeen lana aitortzea falta dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu