Etxean labanaz hilda aurkitu zuten emakume bat herenegun gauean Tolosan, Gipuzkoan. Bikotekidea atxilotu du Ertzaintzak, eta jakinarazi du aitortu duela andrearen hilketa. Aurrekariak dauzka; besteak beste, emakumeen aurkako indarkeriagatik. 26 urte ditu. Atxilotuta daukate, epaile aurrera noiz eramango. Caridad Angeles Rodriguez Arrieta zen hildako andrea; 39 urte zituen, eta haur bat. Urteak zeramatzan Tolosan. Genero indarkeriagatik aurten Euskal Herrian zendutako lehen emakumea da.
Tolosako Larramendi auzoko etxebizitzan hil zuten andrea herenegun arratsean. Haren bikotekide ohiak eman zuen abisua; bien umea emakumeari eramatera joan zen, eta etxeko atea ez zion ireki andreak. Ertzainak sartu ziren, eta zerraldo aurkitu zuten.
Indarkeria arrastoak zeuzkan gorpuak, eta gela berean hainbat labana aurkitu zituzten. 20:00ak pasatxo ziren. Poliziak artean inguruan zirela, andrearen bikotekidea, ustezko hiltzailea, agertu zen etxebizitzara. Atxilo hartu zuten. Labana zauriak zeuzkan besaurrean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez. Ertzaintzak uste du bere burua zauritu zuela gizonak. Tolosako klinikara eraman zuten lehenbizi, eta gero, polizia etxera.
Aurrekari ugari dauzka gizonak, Ertzaintzaren arabera; espetxean ere egona da. Besteak beste, emakumeen aurkako indarkeriagatik atzeman izan dute: 2009an atxilotu zuten, bikotekide izan zuen emakume bati mehatxuak egin zizkiolakoan. Nolanahi ere, Tolosan zendutako andreak ez zuen salaketarik jarri gizonaren kontra, Herrizaingo Sailak BERRIAri baieztatu dionez.
Sortzez kubatarra bazen ere, urteak zeramatzan Tolosan Caridad Angeles Rodriguez Arrietak. Dena dela, joan berria zen bizileku zuen etxebizitzara. Larramendi auzoko bizilagunek berri gutxi zuten atzo. Hilketa arratsean gertatu zenez, gehienek ez zuten ezer jakin atzo goizera arte. Hainbat hedabidek zabaldu zuten bikoteak eztabaidak izaten zituela, eta ertzainek esku hartu behar izaten zutela; Herrizaingo Sailak jakinarazi du ezetz, ertzainik ez zela joan aurrez etxe horretara.
«Oso gaizki egiten ari gara»
Era horretako informazioekin tentuz jokatzeko eskatu die komunikabideei Ibai Iriartek, Tolosako alkateak. Eguerdian agerraldi labur bat egin zuen udaletxe atarian. «Morboa» alde batera uzteko eskatu zien hedabideei, eta izateko errespetua hildakoaren hurkoekin. Gizarteak gogoeta egin behar du andreak pairatzen ari diren egoeraz, Iriarteren esanetan: «Zerbait oso gaizki egiten ari gara. Hilketa bat izan da orain, baina indarkeria matxista mota asko daude, egunero gertatzen direnak». Nabarmendu du akusatuaren adina: 26 urte. «Bistan da belaunaldi berrietan matxismo zantzu handiak daudela».
Erantzun ofiziala ilunabarrean eman zuen Tolosako udalbatzak. Ezohiko bilera egin zuen, batzar aretoa beteta zelarik; tartean ziren hildakoaren hurbileko zenbait. Adierazpen bat adostu zuten udalean ordezkaritza duten taldeek. Hartan, udalak dolua adierazi die Rodriguezen senideei eta lagunei. Matxismoa gizartean «errotuta» dagoela ohartarazi du herriko etxeak. «Emakume izateagatik erailtzen dituzte, berdin dio zein den jatorria, klase soziala edota egoera, emakume izatea da arrisku faktorea». Udalak dio horren «isla» dela Tolosako hilketa.
Andreen aurkako indarkeriari aurre egitea denen lana dela gogorarazi du udalak. «Beharrezkoa da gaitz horren konponbidea gure gizartearen lehentasun bihurtzea. Denborak soilik ez du arazoa konponduko, belaunaldi gazteetan errepikatzen diren rol estereotipatuak erakusten ari diren bezala».
Protesta jendetsua
Bilgune Feministak antolatuta, elkarretaratzea egin zuten, eta hara joateko deia egin zuen udalak. Ehunka herritar elkartu ziren Triangulo plazan. Han izan ziren Rodriguezen ingurukoak ere.
Erakundeetatik ordezkaritza zabala izan zen: Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta beste hainbat diputatu, Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkari Jose Luis Herrador, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Jaurlaritzaren Bulegoko buru Mariola Serrano eta Emakundeko zuzendari Maria Sivestre, beste hainbaten artean. Aski da! Indarkeria sexistari aurre hartu! zioen kartelaren atzean egon ziren ordu erdiz; hainbat herritarrek afixak izan zituzten eskuan.
Une gogorrak izan ziren elkarretaratzean. Kartel nagusia Rodriguez zenaren ingurukoek izan zuten une batzuetan, eta malkoei eutsi ezinik egon ziren. Gero, neska-mutiko batzuk jarri ziren aurrean, genero indarkeria salatzen zuten kartelekin; hildako andrearen semearen gelakideak ziren. Isilik egin zuten protesta.
Diputazioaren izenean, Garitanok adierazi zuen «amorruz» daudela, eta indarkeriaren kontra egingo dutela «etengabe»; Laura Gomez Berdintasun zuzendariak esan zuen informazioa eta autodefentsa zabaldu behar direla.
Bilgune Feministak, elkarretaratzearen antolatzaileak, erakundeei eskatu zien hartzeko «neurri osoak» emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko. «Urgentziazko neurriak behar ditugu, eta koordinatuak». Erakundeak hartzen ari diren erabaki zenbaitekin kritiko azaldu zen Bilgune Feminista, eta nabarmendu zuen ezinbesteko dela andreak «protagonista» izatea neurri horietan. Bi dei egin zituen, gainera: andreei bat, «iniziatiba» har dezaten indarkeriaren kontra; gizarteari bestea, indarkeriari aurre egin eta protestetan parte hartzeko.
Emakumeen aurkako indarkeria. Hilketa Tolosan
Andrearen hilketa bere gain hartu du haren bikotekideak
Labanaz hil dute Caridad Angeles Rodriguez Arrieta: 39 urte zeuzkan; ustezko hiltzaileak aurrekariak dauzka genero indarkeriagatikTolosako Udalak hilketa salatu du, eta esan du gizartean «errotuta» dagoela matxismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu