Anduezak PSE-EErentzako botoa eskatu du, «balio duen ezker bakarra» ordezkatzen dutelako

Tabakalerako areto bat bete dute mitin jendetsu batean. Pedro Sanchez eta Santos Cerdan ere Donostian izan dira.

Sanchez eta Andueza, gaur, Tabakalerako mitinean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Sanchez eta Andueza, gaur, Tabakalerako mitinean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko apirilaren 13a
13:30
Entzun

Indar erakustaldia egin nahi izan du gaur PSE-EEk, Donostiako Tabakaleran egindako mitinean. Aretoa beteta eta jendea alboetan zutik zela eman du Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaiak mitina, orain arteko mezuen bilduma eginda. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua izan du alboan, hirugarrenez kanpaina honetan. Eta Santos Cerdan antolakuntza idazkaria ere Donostian izan da.

Anduezaren esanetan, «Euskadik dituen beharren neurrira» egindako programa bat da PSE-EErena, eta «balio duen ezker bakarra da». Iñaki Arriola sailburuak Etxebizitza Sailean egindako lana goratu du, etxebizitza publiko gehiago agindu ditu, Emakunde Lehendakaritzara itzuliko duela esan, eta programan dituzten beste hainbat neurri aletu ditu: garraio publikoa doakoa izatea 26 urtetik beherakoentzat, eta Osakidetzan 2.000 lanpostu gehiago sortzea, besteak beste.

Iazko uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, alderdi sozialistak atera zuen boto gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Anduezaren esanetan, jokoan gauza bera dago orain: «Orduko hartan, pentsioak, lan eskubideak eta gure eskubideak zeuden jokoan. Orain, osasuna, hezkuntza eta segurtasuna».

Botoa eskatu die «barne gatazketan katramilatuta denbora igaro eta ezer egiten ez dutenekin» nekatuta daudenei eta EAJren kudeaketarekin «etsita daudenei», PSE-EEk «ezker irekia, euskalduna eta askotarikoa» ordezkatzen duelako: «Ez dago beste aukerarik».

Txalo artean agurtu dute, eta egin diote harrera Sanchezi. Joan den astean Irunen (Gipuzkoa) eta Gasteizen egin zuen moduan, gaur ere Palestinako estatu baten alde agertu da, eta esan du  Espainiako Gobernutik lana egingo duela Palestina estatu gisa aitortua izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.