Anduezaren esanetan, PSE-EEk du Osakidetzak duen «defizitari» erantzuteko gaitasuna

PSE-EEren lehendakarigaiak euren programan osasun arloari emandako espazioa nabarmendu du, EAJren «hiru folioekin» alderatuta.

Eneko Andueza, gaur goizean, Gasteizen. PSE-EE
Eneko Andueza, gaur goizean, Gasteizen. PSE-EE
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 5a
12:30
Entzun

Etxebizitza, enplegua eta Osakidetza. Hiru horiek jotzen dituzte inkestek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren kezka nagusitzat, eta horiei erreparatzen ari dira nagusiki alderdi politikoak. Gaurkoan, PSE-EEko lehendakarigai Eneko Anduezak osasun arloa izan du hizpide: «Benetan Osakidetzak lehentasuna badu, jar ditzagun baliabide eta esfortzu guztiak hori lortzeko». 

Anduezak lehen arretaren egoerari erreparatu dio. Azaldu du helburu nagusietako bat dela zerbitzu horietan «normaltasuna» berreskuratzea, ez delako «arrazoizkoa» pandemiatik lau urte igaro ostean egoera bere onera itzuli ez izana. Horretarako, 2.000 profesional kontratatzeko asmoa azaldu du, itxaron zerrendak murrizteko eta aurrez aurreko arreta indartzeko helburuarekin.  

Hortik aurrera, baina, Arabako egoeran egin du azpimarra, ekitaldia Gasteizen egin baitute. Adierazi du lurralde hartan badela «defizit» bat osasun arloan, eta horrek «kudeaketan aldaketa urgenteak» egitea eskatzen duela. Batetik, azaldu du Arabako ESIa indartu behar dela, horretarako «sistema guztiaren berrantolaketa» sustatuz. Bestetik, Gasteizko Lakuabizkarra osasun zentroa egokitzearen eta hiriaren hegoaldean beste zentro bat irekitzearen alde egin du, lehen arreta indartzeko asmoz.

Anduezak, baina, ez ditu soilik PSE-EEren proposamenak aurkeztu. Kanpainaurrean egin bezala, Patxi Lopezen gobernuak egindako Osasun Sailaren kudeaketa nabarmendu du, eta argudiatu sozialistak direla Osakidetzaren egoera hobetzeko «erronkari» hobekien erantzuteko gai direnak: «Iraganean egin genuen, eta berriz ere egingo dugu; herri gisa dugun erronka nagusia da». 

Hauteskunde programen arteko alderaketa bat ere egin du Anduezak, PSE-EEk eta EAJk aferari emandako espazioak alderatuz. Azaldu du euren programan osasungintzaren ingurukoa dela atalik handiena, «lagaezina» delako doako eta kalitatezko zerbitzu baten aldeko lana, «eskuinaren eta eskuin muturraren pribatizazio saiakeren» kontra. Jeltzaleei dagokienez, berriz, txarretsi egin du EAJk «programako hiru foliorekin» berreskuratu nahi izatea «Osakidetzaren izen ona». 

Buru osasuna

Osasun mentala ere izan dute hizpide sozialistek. Auzi horri heltzeko «estrategia definitu bat» behar dela azaldu du Anduezak, eta Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak eman dio jarraipena: «Osasun mentalik gabe, ez dago osasunik, eta sozialistoi kezka eragiten digu Euskadin sei gaztetik batek antsietatea edo depresioa sufritzeak, gazteen zati batek suizidioa irtenbide gisa ikusteak». Hala, Jiletek Arabako Osasun Metaleko Sarea eta arreta zerbitzu espezializatuak martxan jartzearen alde egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.