Klima larrialdia

Anetoko glaziarrak ohi baino hiru aldiz izotz gehiago galdu zuen iaz

Urte lehorrak eta uda oso beroak eragin zuen urtzea azkartzea. Pirinioetako glaziarrek azaleraren %80 galdu dute lau hamarkadetan. Eñaut Izagirre Estibaritzek hartu du parte ikerketan.

Anetoko glaziarraren irudi bat. EñAUT IZAGIRRE, EHU
Julen Otaegi Leonet - Gotzon Hermosilla
2023ko irailaren 15a
15:11
Entzun

Anetoko glaziarra Pirinioetako handiena da, konparazioz, ñimiñoa den arren. Horretan, klima larrialdia ez zaio batere laguntzen: urteen poderioz, gero eta azalera txikiagoa du. IPE Pirinioetako Ekologia Institutuak duela lau hamarkadatik gaurdainoko datuak bildu ditu, eta ondorio batera heldu da: azalera ia bi heren (%64,7) murriztu da 1981etik iaz arte. Bereziki 2022a izan da erreparo handiena eragin duena. Biziki beroa izan zen iazko uda, hainbeste, non Anetoko glaziarraren izotz galera hirukoiztu egin zen. The Cryosphere aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Txikia, baina zenbateraino? Azken neurketen arabera, 48 hektareako azalera du Anetoko glaziar handienak —1981ean 135 hektarea ingurukoa zuen—. Ez hori soilik. Pirinioetako gainontzeko izotza ere aztertu dute, eta antzeko joera izan du. 80ko hamarkada aldean 810 hektarea hartzen zuten glaziar guztiek; 2020an, 232 hektarea; iaz, 170 besterik ez. Hau da, eremu glaziarra ia %80 murriztu da lau hamarkadetan. Lodierari ere erreparatu die ikerketan: izotzaren iazko lodiera 11,9 metrokoa zen, batez beste. Duela 40 urte, kalkulatu dute 30 metro baino lodiago zela.

Azken denboraldia bereziki lazgarria izan zen, eta ondorio nahiko larriak ekarri ditu horrek Anetoko glaziarren iraunkortasunerako. Badira izotz lodiera oso txikiko tarteak, bi metrotik beherakoak. Horiek dira behin betiko urtzetik gertuen egongo liratekeenak. Berez, hark duen mehetze tasa metro batekoa da urteko. Hori, eguraldia aldeko izatekotan. 2021-2022 artekoa lehorra izan zen, eta uda, oso beroa. Horrek eragin zuen izotz galera hirukoiztu izana.

«Glaziarraren egoera kritikoa»

EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle Eñaut Izagirre Estibaritzek parte hartu du aipatutako ikerketan. Horren helburua zen eskura dauden datu guztiak bilduz glaziarraren azalerak 1981etik 2022ra berreraikitzea eta, hortaz, izandako bilakaera ezagutzea.

Ikerlariek azaldu dutenez, azterketak agerian utzi du «glaziarraren egoera kritikoa»: laster batean glaziarra hiru zatitan banatzeko arriskua handia da, eta, gainera, 2021-2022 denboraldian izandako bolada bero eta lehorrak glaziarraren «degradazioa» ekarri zuen.

«Horrek arrisku handia dakar Anetoko glaziarraren iraunkortasunerako, eta egoera hori Pirinioetako gainerako glaziarretara ere zabal liteke nahiko denbora laburrean», erantsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.