Naiz.eus-ek Aldanaren gertuko iturriak aipatuz zabaldu duenez, igandean hil zen Angel Aldana, Venezuelan. Hiru urte eman zituen deportatuta.
Aldana 1985eko urrian deportatu zuten Ekuadorrera. Quiton bizi zen, Ekuadorko bi poliziaren zaintzapean. 1986ko urtarrilean, Espainiako Poliziak atxilotu eta torturatu egin zituen Aldana eta Alfonso Etxegarai deportatuak.
Garai hartan, ETAk bahitua zuen Pedro Guzman enpresari eta Athleticeko zuzendaritzako kidea. Aldanak eta Etxegaraik Punto y hora de Euskal Herria-ri adierazi ziotenez, poliziek torturatu egin zituzten Guzman non zegoen jakiteko. Bi deportatuak erietxeratu egin zituzten, eta Poliziak 1986ko urtarrilaren 10ean askatu zuen Guzman.
Sortuk Aldanaren senitarteko eta lagunei bere doluminak eta elkartasuna adierazi dizkie, euskal deportatuen "egoera larria" salatzearekin batera: "Egun oraindik ere ehunka euskal herritar dago gure herritik deportatua, erbesteratua edo preso". Sortuk egoera hori "behin betiko amaitzeko konpromiso irmoa" azaldu du, eta ziurtatu horretan lanean arituko dela "deportatu, erbesteratu, iheslari eta preso politiko guztiak etxera aske ekarri arte".