Martxoaren 14an lau urte beteko dira Angel Berrueta hil zutela Espainiako polizia batek eta haren semeak (Valeriano de la Peñak eta Jose Miguel de la Peñak). Haren omenez, eta haren sendiari elkartasuna adierazteko asmoz, Iruñeko Donibane auzoko bizilagunek plataforma bat eratu dute. Plataformak Berruetaren eta haren sendiaren aurkako bidegabekeria salatu nahi du: «Ez dugu mendekurik nahi. Alde batetik, egia, aitortza eta ordaina eskatzen dugu; bestetik, alde guztietako biktima gehiagorik egongo ez den bake egoera batera lehenbailehen heltzea», azpimarratu zuen atzo Iruñean Ana Bados plataformako kideak.
Erakunde nafarrek Berruetaren familiarekin izandako jarrera deitoratu du. Gogoan hartu dute iraganean Berrueta hil zeneko tokian, Martin Azpilkueta kalean, haren omenezko plaka bat jarri zutela, eta Iruñeko Udalak handik gutxira kendu egin zuela. «Bistakoa da biktima batzuen eta beste batzuen artean erabiltzen dituzten neurri ezberdinak».
Horregatik, otsailaren 17an proposamen bat aurkeztuko dute Iruñeko udalbatzan Berruetaren sendiak « egia, aitortza eta ordaina izan dezan pausoak ematen has daitezen». Era berean, Berruetaren omenezko plaka ezartzea eskatuko dute. Blog bat sortu dute Berruetaren alde: angelgogoan.blogspot.com.
Angel Berruetaren omenez plataforma bat sortu dute Iruñean
Berruetaren sendiaren aurkako bidegabekeria salatu dute, eta «egia, aitortza eta ordaina» aldarrikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu