Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) Espainiako gobernuburuak exekutiboan aldaketak iragarri berri ditu eta Angel Gabilondo (Donostia, 1949) ministro izendatu du. Hezkuntza Ministerioa hartuko du, hain zuzen. Azkenaldian Hezkuntza atala Mercedes Cabrerak izan du, Gizarte Politikak eta Kirola arloekin batera.
Espainiako Estatuko unibertsitateetako errektoreen konferentziako presidentea eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko burua da Gabilondo, eta arlo horretako ardurak ere izango ditu Espainiako Gobernuan. Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza donostiar ministroak, ondorioz, atal hori galdu egin du.
Gabilondok adierazi izan du Bologna prozesuak diru gehiago behar duela eta Espainiako Gobernuari baliabideak ugaritzeko eskatu izan dio. Bolognaren aurkako "indarkeriazko" mobilizazioak kritikatu egin izan ditu, baina, eta elkarrizketa eskatu.
Filosofia eta Letrak ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Dozena erdi bat liburu idatzi ditu.
Zapateroren beste berrikuntzak: Elena Salgado izendatu du bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun ministro (Pedro Solbesen partez), Manuel Chaves hirugarren presidenteorde eta Lurralde Kooperaziorako ministro, Jose Blanco Sustapenekoa (Magdalena Alvarezen partez), Angeles Gonzalez-Sinde Kulturakoa (Cesar Antonio Molinaren partez), Trinidad Jimenez Osasun eta Gizarte Politiketakoa (Osasunean Bernat Soria aritu da).
Egungoko egoera ekonomikoa dela-eta Espainiako Gobernuak "erritmo aldaketa" behar duelako egin ditu aldaketak Zapaterok, berak gaur esan duenez.
Arratsaldeko seietan hartu dituzte karguak, Madrilen. Ondorioz, Chavesek Andaluziako Gobernuko presidente kargua utziko du, hemeretzi urte eta gero.
Zapatero 2004an Espainiako Gobernura iritsi zenetik, lau ministrok baizik ez dute segitzen exekutiboan: De la Vegak, Moratinosek, Salgadok eta Espinosak.
Politika
Angel Gabilondo donostiarra, Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro
Manuel Chaves, Jose Blanco, Angeles Gonzalez-Sinde eta Trinidad Jimenez ere ministro. Pedro Solbes, kanpora; Elena Salgadok ordezkatu du Ekonomia eta Ogasuna Ministerioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu