Angel Lopez Anta euskal presoa baldintzapean aske geratu da

Lopez Antak 23 urte egin ditu preso, eta zigorra etxean betetzen ari zen iazko maiatzetik.

Sare Herritarrak antolatutako mobilizazio bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sare Herritarrak antolatutako mobilizazio bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko ekainaren 27a
15:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Baldintzapean aske geratu da Angel Lopez Anta euskal presoa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala ebatzita. Lopez Antak 23 urte egin ditu preso, eta iazko maiatzetik etxean betetzen ari zen zigorra. 2002an atxilotu zuten, ETAko kide izatea egotzita. Frantziako espetxeetan eman zituen preso lehen urteak, Espainiaratu zuten arte.

Azken urteetan, Lopez Antaren egoera salatzeko zenbait mobilizazio egin dira. Batetik, Sare Herritarrak eta Etxerat elkarteak salatu izan dute Espainiako justiziak ez dituela kontuan hartu Lopez Antak Frantzian betetako zigor urteak; kontuan hartu izan balira, 2019rako betea izango zukeen zigor osoa, haien arabera.

Bestetik, 2019an Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hartutako erabaki batek harrabotsa eragin zuen. Lopez Anta Huelvako espetxetik (945 kilometrora) Algeciraskora (1.045 kilometro) mugitzea erabaki zuen; hau da, are gehiago urruntzea. Urtebete inguru egin zuen kartzela hartan, Leonera (370 kilometrora) mugitu zuten arte. 2021eko apirilean, berriz, iragarri zuten Zaballara (Araba) lekualdatuko zutela, eta, horrekin batera, bigarren gradua ezarri zioten. Hirugarren gradua, berriz, 2023ko irailean lortu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.