Animalien Ongizaterako Legea indarrean sartu da Hegoaldean

Animalia domestikoak abandonatzen dituztenak zigortu ahalko dituzte legearen bidez, eta debekatuta egongo da animaliak ikuskizun publikoetarako erabiltzea, baina salbuespen asko izango dira.

Ione Belarra Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren ministroa, Espainiako Senatuan. FERNANDO ALVARADO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 29a
11:57
Entzun

Animalien Ongizaterako Legea gaur sartu da indarrean Hego Euskal Herrian. Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutako lege horren helburua animalien eskubideak bermatzea da, baina ez animalia guztienak: ehiza txakurrak salbuetsi dituzte, besteak beste. Animalia domestikoak abandonatzen dituztenak zigortu ahalko dituzte legearen bidez, eta debekatuta egongo da animaliak ikuskizun publikoetarako erabiltzea, «gehiegizko lana» egitera behartzea eta, azken finean, haiei jazartzea. Gutxieneko zigorrak 500 eurokoak izango dira, eta 200.000 eurorainokoak izan daitezke.

Legeak aurreikusten du animalien jabeek ikastaro bat egin beharko dutela eta maskotek erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dutela, baina bi neurri horiek oraindik ez dira derrigorrezkoak izango. Izan ere, Espainiako jarduneko gobernuak ezin izan du onartu horiek indarrean sartzea baimenduko duen araudia.

Animalien ongizatea «zalantzan» dagoen uneetan baimenduta egongo da eutanasia, baina albaitari baten onespenarekin. Animalia domestikoak ezingo dira begien bistatik galdu hiru egunez baino gehiagoz; txakurrekin, 24 ordukoa da muga. Gainera, animaliak ja ezingo dira dendetan erosi; haztegietan soilik. Abandonatutako animaliak sakrifikatzea ere debekatuta dago.

Ehiza txakurrak arau horietatik salbuetsi dituzte, baina ez dira bakarrak. Artzain txakurrei ere legeak ez die eragingo, eta ez dituzte debekatu zezenketak eta galgo lasterketak; hipika ere ez. Espainiako Gobernuak egin duen legeak zehazten du debeku horietatik kanpo egongo dela, gainera, Espainiako legioaren ahuntza; hispanitatearen eguneko desfilean atera ahalko dute legionarioek. Bestalde, Eguberrietako jaiotza bizidunetan egoten diren mandoak eta astoak ere antzerki horien parte izan ahalko dira aurrerantzean ere.

Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioak ondu du legea, eta Ione Belarra ministroak defendatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.