Negua luzatzen ari da aurten. Neguarekin batera, elurteak. Eta elur ugariak arriskua ekartzen du, baita udaberrian ere. Urtea hasi zenetik, zortzi euskal mendizale hil dira goi mendietan elur-jausiek eragindako istripuetan, aspaldi ez bezalako zerrenda beltza osatuta.
Urtarrilaren 9an gertatu zen urteko istripurik larriena, Aragoiko (Espainia) Pirinioetan. Collarada mendian, mendiko eskia egiten ari zirela, elur-jausiak harrapatu zituen Txomin eta Santi Eugi Martikorena anaiak eta Unai Perez Isasi. Hirurak Iruñeko bizilagunak eta familia bereko kideak ziren. 400 metroko elur-jausi handiak harrapatuta hil ziren mendizaleak.
Urtarrilaren 27an, Palentziako (Espainia) Curavacas mendian eskalatzen ari zirela, izotz jausi batek harrapatu zituen Juan Jose Rodrigo eta Daniel Rodrigo anaiak, biak ere Bilboko Santutxu auzokoak. 35 eta 26 urte zituzten bi anaiek, eta Curavacas mendiaren hegoaldeko hegian hil ziren, 2.100 metroko garaieran zirela gertatutako istripuaren ondorioz. Istripuaren abisua eman bazuten ere, sorosleek ezin izan zituzten bi anaiak bizirik erreskatatu.
Gorpuak desagertuta
Otsailaren 21ean desagertu zirenArmando Nieto Lakuntza eta Alfonso Gonzalez Rey mendizale iruindarrak. Bi mendizaleak Laskungo (Biarno,Frantzia) zirkuaren inguruan desagertu ziren, ustez Billare mendiaren inguruan. Jendarmeriaren arabera, elur-jausi batek harrapatu zituen korridore batean eskalatzen ari zirela. Hainbat saio egin zituzten gorpuak aurkitzeko, baina denak ere hutsean geratu ziren. Geroztik, ez da gehiago jakin horretaz.
Euskal mendizaleek gertu eta gogokoen dituzten mendietan, Pirinioetan eta Europako Mendietan, aurreko asteburu honetan bertan elur-jausiak izateko arrisku handiaz ohartarazi zuten eguraldi zerbitzuek hainbat lekutan.
'Annus horribilis'
Zortzi euskal mendizale hil dira aurten elur-jausiek goi mendietan eragindako istripuetan: Pirinioetan, Palentziako mendietan eta Europako Mendietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu