Antiguedadek Kongresuko diputatu kargua utziko du

Kargu bateraezintasuna ezarri ondoren, irakaskuntza hautatu du; Onintza Enbeita izango da ordezkoa

Iñaki Antiguedad, Kongresuko tribunan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Iñaki Antiguedad Amaiur koalizioko Bizkaiko diputatuak Espainiako Kongresuko eserlekuari uko egingo dio «bizpahiru aste barru», Zuzeu webgunean egin zioten elkarrizketan jakinarazi duenez. Diputatuaren Estatutuaren batzordeak ebatzi du haren diputatu lana eta EHUko irakasle lana ez direla bateragarriak, eta, ondorioz, Antiguedadek eserlekua uztera «behartuta» ikusi du bere burua. Horrela, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean lanean jarraitzea erabaki du. Edozein modutan, Antiguedadek adierazi du jarduera politikoarekin jarraitzeko asmoa duela.

Legeldiaren hasieran, Antiguedadek uko egin zion diputatu gisa zegokion soldatari, Kongresutik kanpo beste lanpostu bat zuelako. Hauteskunde legearen arabera, diputatu karguak ardura osoa eskatzen du, eta ez du onartzen beste lanbide batekin uztartzea. Hala ere, orain arte Kongresuko Diputatuaren Estatutuaren batzordeak 130 diputaturi baino gehiagori utzi diete Kongresutik kanpo beste lanpostu bat izaten. Horietatik 60 baino gehiago alkate edo zinegotzi postuetan dabiltza, soldata bati uko eginda.

Amaiurrek prentsaurrekoa eskainiko du, gaur, Antiguedad zeinek ordezkatuko duen azaltzeko. Joan den azaroaren 20ko hauteskundeean Amaiurreko Bizkaiko zerrendaburua izan zen Antiguedad. Haren eserlekua Onintza Enbeita kazetari eta bertsolariak hartuko du, Bizkaiko zerrendako zortzigarrenak. Horretarako, zerrendan aurretik daudenek uko egin beharko diote karguari. Onintza Enbeita (Muxika, 1979), BERRIA-ko kazetaria izan da eta egun zutabegilea da.

Bateratzeko gai

Atzo, ohar batean, koalizioak adierazi zuen Kongresuko Diputatuen Estatutuaren Batzordeak «ezinbestean» behartzen zueladiputatu kargua uztera. Amaiurrek azpimarratu du Antiguedadek jarduera militantea eta profesionala bateratu egin dituela azken urteotan: «Eusko Legebiltzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Espainiako Kongresuan egin duen lan eta jarduera instituzionala ikuspegi militante batetik garatu du, eta jarduera horretan Iñakik beti eutsi dio unibertsitateko bere irakasle lanari». Koalizioak gogorazi duenez, hauteskunde kanpainan bertan argi utzi zuen kargu instituzionalaren eta profesionalaren artean aukeratzera behartuko balute «koherente» izaten jarraituko lukeela.

Antiguedadek berak diputatu kargua utz zezakeela aurreratu zuen iazko azaroan, Argia astekarian egin zioten elkarrizketa batean: «Ez dut sekula politika modu profesionalean ulertu. Orain dela hamar urte utzi nuen politika instituzionala, eta orain berriz ere heldu diot. Baina ez orduan, ez orain, ez gero, politikatik bizitzeko inolako asmorik gabe», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.