Westminsterko Gorteko epailearen aurrean izan ziren maiatz amaieran fiskala eta Antton Troitiñoren abokatua, hura Espainiaratzearen aldeko eta kontrako argudioak emateko. Agiriak faltsutzea eta ETAko kide izatea egotzi dio Espainiak Troitiñori.
Troitiñoren abokatuek zazpi eguneko epea dute Londresko Auzitegi Nagusiaren aurrean helegitea aurkezteko. "Lehenbailehen" egingo dute hori, Efe agentziari adierazi diotenez.
Epaileak baztertu egin du Troitiñoren defentsaren argudio bat, eta ondorioztatu Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuela "asmo txarrez" jokatu. Ustez ETAko kide izateagatik onartu du epaileak estradizioa, baina ez agiriak faltsutzeagatik, eta, beraz, Espainiak ezingo du delitu horregatik epaitu.
Laugarrenez eskatu zion iazko urrian Espainiako Auzitegi Nazionalak Londresi Troitiño estraditatzeko. 2015eko apirilean euroagindu eskaera onartu zuen Londresek, baina preso ohiaren helegitea aintzat hartu zuen gero, argudiatuta Espainiak ez zituela bete Erresuma Batuko Estradizio Legearen baldintzak.
2011n, 24 urteko zigorra bete ondoren, Parot doktrina zela-eta Troitiño 2017ra arte preso sartu behar zela agindu zuen Espainiak. Estrasburgoko Auzitegiak bota zuen atzera doktrina hura, eta Troitiñori "berriro ETAn sartzea" egotzi zion orduan Auzitegi Nazionalak.
Auziaren kronologia:
2011-04-14: Espainiak aske utzi zuen Antton Troitiño. 1987ko urtarrilaren 16an atxilotu zuten, Madrilen, eta 2.500 urtetik gorako espetxe zigorra ezarri zioten. Aske behar zuen lehenagotik, baina Parot doktrina baliatuz 2017ra arte luzatu zioten zigorra. 2011n, ordea, haren defentsak helegite bat aurkeztu zuen kontu tekniko bategatik, eta Auzitegi Konstituzionalak balekotzat eman eta aske utzi zuen.
2012-06-30: Londresen atxilotu zuten. Espainiak argudiatu zuen. Urrian, Londresko Auzitegi Gorenak baldintzapean aske uztea deliberatu zuen.
2013-01-15: Espainiaratu edo ez erabakitzeko epaiketa egin zuten Westminsterreko magistratuen gortean, Londresen. Troitiñoren defentsak eskatu zuen Espainiako Justiziaren eskaera ez onartzeko. Fiskaltza, aldiz, Espainiaratzearen alde azaldu zen. Espainiak estradizioa eskatu zuen, Parot doktrina ezarrita, espetxealdia 2017ra arte bete zezan.
2013-02-08: Urtarrileko erabakiari helegitea jarri zioten Troitiñoren abokatuek, hura Espainiaren esku uzteak haren giza eskubideak urratuko zituela arrazoituta.
2013-02-13: Berriro atxilotu zuten, egunero legez polizia etxera sinatzera joan zenean.
2013-10-22: Parot doktrina bertan behera geratu ostean, aske utzi zuen Londresek, baldintzapean, eta euroaginduari buruz erabakitzeko eskatu zion Madrili.
2013-10-25: Troitiñoren aurkako estradizio eskaerari eusten ziola jakinarazi zion Auzitegi Nazionalak Londresko Auzitegi Gorenari. Probidentzia baten bidez, Espainaratzeko eskatu zion.
2014-01-10: Auzitegi Nazionalak Troitiño atxilotzeko euroagindua indarrean zela esan zuen. Auzitegi Nazionalak kasu berri bat ireki zuen harekin, eta, Espainiako Poliziaren CGI polizia sekretuaren ikerketa bat zela tartean, ETAn berriro sartu zela leporatu zioten. "Talde terroristako kide" izatea eta dokumentazio faltsua eramatea leporatu zioten. Barne Ministerioaren arabera, Troitiño libre geratu eta gero, ETAn sartzea erabaki zuen, zehazki, "errefuxiatuek osatutako Ihesko taldean". Londresen atxilotu zuten azken aldiz ustez atzeman zioten "dokumentazio faltsuak" frogatzen zuen hori, Barne Ministerioaren arabera.
2014-02-13: ETAn berriro sartzea egotzita, Espainiak Troitiño atxilotzeko agindua eman zuen, eta Londresen agindua bete.
2014-02-14: Baldintzapean aske utzi zuen berriro Westminsterreko Auzitegiak, deklarazioa hartu ostean, egunero polizia etxean aurkezteko baldintzarekin.
2014-06-23: Estraditatzeko bigarren epaiketa egin zuten Londresen.
2014-10-17: Londresek atzera bota zuen bigarren estradizio eskaera hori ere.
2015-03-20: Hirugarren aldiz epaitu zuten Londresen Troitiño, Espainiak egindako eskaeraren harira.