Paleogenomika

Antzinako giza DNAren iturri etengabea

Bata bestearen atzetik datoz aurkikuntzak gizakiaren eboluzioaz. Antzinako genomak lortzeko aukerarekin, genetikak irauli egin du paleoantropologiaren mundua, eta antzinako gizakiei buruzko jakintza garai zirraragarrietan da.

Irune Lasa.
2014ko maiatzaren 4a
15:04
Entzun

Neandertalaren genomaren sekuentziazioak sekulako iraultza ekarri du giza eboluzioaren ezagutzan. Duela lau urte "mundu berri bat zabaldu zen", azaldu du Mikel Iriondo antropologoak, mundu berri bat "bai teknologiaren aldetik, baita emaitzen aldetik ere". Eta teknologiak abiada hartu duenean, aurkikuntzek, albisteek ere sekulako abiada hartu dute.

"Ez dakit horrela esan daitekeen... txurreria bat egin dute", definitu du Iriondok. "Makina bat, modu bat, tresna bat sortu dute, eta orain gutxira arte ezinezkoa zena orain di-da batean ateratzen ari dira, txurroak egiten ariko balira bezala. Azkenean, materiala bageneukan jada [fosilak], eta tresna falta zen".

Hurrengo lauzpabost urteetan ere etengabe emango omen dute antzinako gizakiei buruzko aurkikuntza garrantzitsuen berri: "Gero ere segituko dute aurkikuntzak egiten, jakina, baina ez dira horren garrantzitsuak izango".

Ikusgarria da zer jakin den horren epe laburrean. Egungo gizakion (eurasiarren) genomaren portzentaje bat neandertaletatik datorkigu, eta hori uneren batean Homo sapiens-ak neandertalekin gurutzatu zirelako aztarna eztabaidaezina da. Eta ez zen hori izan gurutzamendu bakarra erdi Pleistozeno Eurasian bizi ziren gizakien artean.

Gurutzamenduena da ziurrenez paleogenomikak ekarri duen albiste deigarrienetako bat. Aurretik, gutxik uste zuten halakorik gerta zitekeenik. Iriondok ere ez: "Ordura arte oso argi neukan ez zela nahasketarik egon", dio, ideia horrekin pixka bat fundamentalista zela aitortuz. Svante Paabok egin zuen aurkikuntza, eta hark ere ez zuen espero. Lanak hartu zituen Afrikatik ateratako gizaki modernoaren eta neandertalen arteko hibridazioa adierazten zuten datuak behin eta berriz egiaztatzen.

'Homo sapiens' genoma zaharrena

Orain inork ez du zalantzan jartzen gurutzamendu hori izan zenik. Baina noiz, non, nola gertatu zen? Asko dago horri buruz jakiteko. Paabo eta beste zenbaiten ustez, gizaki modernoa Afrikatik irten eta gutxira Ekialde Hurbilean gurutzatu ziren sapiens eta neandertalak, duela 50.000-60.000 bat urte.

Laster espero da gurutzamendu momentu horretaz argi gehiago ekar dezakeen ikerketa bat. Joan den hilean iragarri zuen Paabok sekuentziatu dutela Ust- Ishimen (mendebaldeko Siberia) 2008an aurkitutako gizaki moderno baten femur baten genoma. Duela 45.000 urteko Homo sapiens bat da, gizaki moderno bat, orain arte sekuentziatutako zaharrena, alde handiz.

Zientzialari suediarrak aurreratu duenez, Ust-Ishimgo gizonak badu ahaidetasun gehiago neandertalekin, neandertal portzentaje handiagoa genoman, baina ez gaur egungook duguna baino askoz handiagoa. Hori bai, bere kromosometan neandertal zatiak handiagoak, luzeagoak direla dio Paabok. Iriondok azaldu du horren garrantzia: «Azkenean, errekonbinazioarekin, belaunaldiz belaunaldi zati horiek txikiagotzen joaten dira. Zati handiagoak baditu Ust-Ishimgo gizakiak, esan nahi du gurutzamendu momentutik hurbil dagoela». Alegia, laster izango da sapiens -neandertal gurutzamenduari buruzko informazio gehiago.

Joan den abenduan ere jakin zen zerbait gehiago antzinako gizakien arteko gurutzamenduez. Eta ez gutxi. Paaboren taldeak Siberiako Altai mendietako koba berean, Denisovan, topatutako bi fosiletatik ateratako kalitate handiko bi genomari buruzko ikerketa aurkeztu zuen. Horietako bat berria zen, duela 130.000 urte bizitako neandertal batena —Altaiko Neandertala eman diote izena—. Hari esker, adibidez, gehiago zehaztu da gizaki ez-afrikarren genomako portzentaje neandertala zein den: %1,5-2,1 bitartekoa.

Denisovarrak

Baina fosil berriago bat ere aurkitua dute Denisovako koba berean. Horren txikia da hezur zatitxoa, ezin zaio karbono datazioa egin, baina uste da duela 50.000 urte inguru bizi izan zela. Haren genomaren sekuentziak sekulako ustekabea ekarri zuen 2012an argitaratu zenean: Emakume X hura ez zen sapiens bat, ezta neandertal bat ere. Eta halaxe agertu ziren denisovarrak gure ikusmiran.

Ez da jakina nolakoak ziren fisikoki denisovarrak; 7 bat urteko neskato baten hatz txiki bateko falange baten zatitxo bat eta hortz bat dira, oraingoz, haiengandik gelditzen diren arrasto fosil bakarrak. Jakina da, ordea, neandertalen lehengusuak zirela, iraungitako bi gizaki mota horiek arbaso komun bat zeukatela.

Iriondoren ustez, denisovarrak funtsean Homo heidelbergensis-ak dira, eta lerro horretatik bereiztutako beste gizaki mota bat da Homo neanderthalensis delakoa. "Orain arte ezarritakoaren arabera, heidelbergensis-a neandertalen arbasoa litzateke Europan, eta izen bera erabiltzen da gure Afrikako arbasoarentzat ere. Nolabait esateko, gu eta neandertalak sortu aurretiko espeziea litzateke. Heidelbergensis-ak Eurasian zehar sakabanatuta egongo ziren, eta soilik Europan eta Asia mendebaldean agertu dira neandertalak. Zer gertatzen da, orduan, Asiako beste zati osoan? Ez da neandertalik agertu".

"Neure buruan dudan irudiaren arabera, heidelbergensis-ak Eurasian zehar sakabanatuta daude —aldi horretan Homo erectus-ak ere egongo lirateke Txina eta Indonesia inguruan—, eta Europan zehazki lerro bat bereizten da, neandertalena. Badirudi neandertalak gauza berezia direla. Oso antzekoak dira denak, aldakortasun gutxi dute, eta, beraz, badirudi isolatutako talde txiki batetik sortu zirela Europan. Aurrera jarraitzen duen beste lerro nagusiari heidelbergensis deitu diezaiokegu, neandertalak ez direnak».

Heidelbergensis edo denisovar deitu, fosil gehiagoren faltan beste arrasto bat ere bada denisovarrena: egungo melanesiarren genoman. 2012an jakinarazi zenez, egungo ozeaniarren genoman neandertal portzentajeaz gain badago denisovarren ekarpena ere, %3-6koa. Eta bai, horrek esan nahi du sapiens-en eta denisovarren arteko gurutzamendua izan zela.

Oraindik argitzeko dago non eta noiz gertatu zen nahasketa, Siberia eta Ozeania tarteko eremuan denisovarren ekarpen genetikorik ez baita atzeman, nolabaiteko jarraikortasun geografiko bat adierazteko adinakoa. Abendu honetan argitaratutako ikerketa batek dioenez, egungo asiarren genoman %0,2ko portzentaje bat legoke denisovar jatorrikoa, baina ez dago argi ez ote zen Ozeaniatik barrena iritsi. Gizaki modernoaren migrazio oldeek esplika dezakete agian hutsune hori.

Hainbat populazio, hainbat nahaste

Pleistozeno erdiko Eurasiari begiratuta, ikerketek elkarren artean gurutzatutako hainbat populazio aurkezten dituzte. Neandertalak eta denisovarrak elkarren artean gurutzatu ziren; Afrikatik irtendako gizaki modernoa neandertalekin eta denisovarrekin gurutzatu zen. Eta, hara, denisovarren eta beste populazio ezezagun baten arteko gurutzamendu bat ere izan zen.

Ez dakite zein zen talde ezezagun hori, baina badakite jatorri zaharrekoa dela, sapiens, neandertal eta denisovarren arbaso komunaren lerrotik aspaldi, gutxienez orain dela milioi bat urte bereizitako beste lerro batetik datorrela eta denisovarren genoman %0,5-8ko portzentajea utzi zuela.

Zein zen populazio arkaiko, zahar hori? Paabok Homo erectus-a izan zitekeela uste du. Iriondok logikoa iritzi dio horri: "Denisovarra asiarra denez eta inguruan erectus- ak ditugunez...". Zaila izango da jakitea noiz gertatu zen gurutzamendu hori, "baina garrantzitsuena da jakitea gurutzamendua izan zela duela bi milioi urte Afrikatik emandako lehen irteera hartakoen ondorengo batzuekin".

Denisovarrekin gurutzatu zen populazio ezezagun zahar hori Homo antecessor izan daitekeela dionik ere izan daiteke. "Nik esango nizuke erectus eta antecessor gauza bera direla, zertxobait ezberdinak izan arren. Azkenean, biak dira Eurasiara ateratzen diren lehen gizakiak, orain dela bi milioi urte. Batzuk Europan geratu ziren, eta beste batzuk Asiarantz joan ziren, eta leku ezberdinetan aldatuz joan ziren; batzuei erectus eta besteei antecessor deitzen diegu".

Hankaz gora

Goazen orain Atapuercara (Espainia). Abendu honetan ezagutu zen gizaki baten orain arteko mitokondrioko DNA zaharrena sekuentziatu dutela, 300.000-400.000 urte inguru dituzten Sima de los Huesos ezaguneko hezurretatik. Hezur horiei begira, inor gutxik jartzen zuen zalantzan neandertalen arbaso zirela Simakoak. Baina haien mitrokondrioko DNAk leinu hori denisovarrekin lotzen du, eta ez neandertalekin.

Bai, Siberiaraino eramaten du lotura, eta ez Europa mendebaldera. Harrituta gelditu ziren zientzilariak. Iriondoren arabera, genoma osoak ez bezala, mitokondrioko DNAk hainbat muga ditu, eta horrekin bakarrik ez da erraza argitzen ikerketaren emaitza hori. "Ziurrenez, gurutzamendu bat egongo zen hor ere". Denisovarrena bezala, orain arte ikusezina zitzaigun beste populazio baten aukera ere ez dute baztertzen zenbait ikertzailek.

Hori bai, Iriondoren arabera, fosilen morfologiari begira nahiko argi dago Simakoak neandertalen arbaso zirela. "Simako genoma osoa datorrenean, ziurrenez gauzak argituko zaizkigu".

Espezie bakarra?

Azken urteetako aurkikuntza guztiekin gauza bat badago argi: zalantzan jarri behar direla orain arte emandako hainbat ideia. Fosilen morfologia desberdinetan oinarrituta egindako espezieetan egindako banaketa, esaterako. Hala azaldu du Iriondok: "Orain, ikusi behar dugu espezie ezberdinen banaketa hori benetakoa den. Agian, soilik populazio ezberdinak ziren. Jakina, hor batzuek ez dute nahi gauzak aldatzea, eta beste batzuek bai. Hori etorkizunean adostuko den zerbait da".

Ikasleentzako apunteak behin eta berriz aldatu beharko ditu Iriondok? "Azken boladan ikasleei esaten diet hau izen askorekin azalduko diedala, antecessor , erectus... baina gerta daitekeela espezieak izan beharrean espezie bateko populazioak izatea. Beraz, esaten diet bi modu horietan. Bai, ikasgai honetako diapositibak urtero aldatu behar ditut".

Zein izango da genetikak paleoantropologiara ekarriko duen hurrengo aurkikuntza? Indonesiako Flores irlan duela 12.000 urtera arte bizitako Homo floresiensis-aren genoma nahi luke Iriondok. "Gustukoa dut Floresko gizakia, gauza zaharra eta ezberdina izan daitekeelako, eta iruditzen zait haren genomarekin historia berri eta interesgarri bat idatz daitekeela haren inguruan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.