BIDEGI

AP-1eko obra zuzendariak aitortu du Basagoitiko biltegia ez zegoela betea

Eptisa-Cinsa ingeniaritza enpresako ordezkari Juan Bautista March Fabreguesek esan du "hanka sartze baten ondorioz" jarri zutela hori agirietan. Agustin Zugasti eta Ivan Fernandez de Landak ere deklaratu dute epailearen aurrean.

Azpeitiko epategiaren atarian, Bidegiren auziaz protestan. HODEI IRURETAGOIENA
Hodei Iruretagoiena
2015eko martxoaren 11
07:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azpeitiko (Gipuzkoa) Lehen Auzialdiko eta Intrukzioko 2. epaitegian deklaratu dute hirurek, AP-1 errepideko zatian egin gabeko lan batzuk ordaindu zirela eta. Sei bat orduz aritu dira, goizeko 10:30ak pasatxoan hasita, ateak itxita. BERRIAk jakin ahal izan duenez, ukatu egin dituzte egotzitako delituak: dokumentuak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea. Eptisa-Cinsa ingeniaritza enpresako ordezkari March Fabreguesek, ordea, onartu egin du Basagoiti-2 zakartegia ez zegoela beteta —hara eraman zituzten AP-1eko Eskoriatza iparra-Arrasate iparra zatiko lanetan mugitutako lurrak—. Hori zioten agiriak «hanka sartze baten ondorio» izan zirela azaldu dio epaileari.

Protesta egin dute auzitegiaren atarian, EH Bilduk deituta, Non dago gipuzkoarron dirua? lelopean. Joseba Permach EH Bilduko ordezkariak erantzukizun politikoa eskatu die Markel Olano ahaldun nagusi ohiari eta Eneko Goia Bide Azpiegituretarako diputatu ohiari, eta salatu du ez direla erakusten ari auzia argitzeko borondaterik: "Oso larria da gertatzen ari dena".

Ustez, AP-1eko Eskoriatza iparra-Arrasate iparra zatian mugitutako lurrak Basagoiti-2 zakartegira eraman zituzten, eta %100 bete. Bidegik 532.000 euro pagatu zituen. Gerora, zakartegi hori ustez beteta zegoenez, 900.000 euro gehiago pagatu behar izan zituen Bidegik beste lur mugimendu batzuengatik. Baina iaz, Deskargako errepideko lanetarako zakartegi baten bila ari zirela, Bidegiko arduradunak ohartu ziren Basagoiti-2 ez zegoela beteta.

Hari horretatik tiraka ohartu ziren, Larraitz Ugarte Diputazioko Bide Azpiegituretako diputatuaren esanetan, egin gabeko indusketa lan batzuengatik ere kobratu zietela enpresek Bidegiri. Guztira 3,4 milioi euro dira. Lan horien likidazioa 2011ko ekainaren 17an sinatu zuten, foru hauteskundeak pasatu eta segituan, EH Bilduko hautetsiek Bidegiren administrazio kontseilua berritu gabe zutela.

Diputazioak kereila kriminal bat aurkeztu zuen, eta tramiterako onartu zuen epaileak. Diru publikoa bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egotzi die Agustin Zugasti Arizmendiarrietari —Bidegiko zuzendaria 2003tik 2013ra—, Juan Bautista March Fabreguesi —Eptisa-Cinsa ingeniaritzako ordezkaria; AP-1 errepideko obra zuzendaritzaren asistentzia teknikoa— eta Ivan Fernandez de Landa Bercedori —Laurena ABEE aldi baterako enpresa elkarteko kidea; Dragados, Moyua, Ossa eta Geotunel enpresek osatu zuten ABEE hori—.

Ikerketa batzordea, martxan

Bidegiri buruzko ikerketa batzordea martxan da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ostiralean hasiko dira agerraldiak egiten. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatua izango da batzordean azalpenak ematen lehena, eta datorren astelehenean hitz egingo dute Markel Olanok eta Eneko Goiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.