Espainiako Kontu Auzitegiak aurrera egin du San Antonio auzian. Espainiako Osasun ministro Alfonso Alonso —funtzioetan dago— eta PPko Ekintza Sektorialeko idazkariorde Javier Maroto epaitzeko eguna jarri du: apirilaren 11. Alonso Gasteizko alkate zen garaian —Ogasun zinegotzi zen Maroto— sinatutako kontratu batzuetan du jatorria auziak. 2007an, Gasteizko San Antonio kaleko lokal bat alokatu zion udalak Gonzalo Anton enpresaburuari, 7,6 milioi eurotan, 20 urterako; Antonek 2,7 milioi eurotan erosi zuen lokal hura, urtebete lehenago. Han udal bulegoak jartzea zen asmoa, baina ez zuten sekula gauzatu. Orain, auzitegiak erabaki beharko du kontratu harekin diru publikoari kalterik eragin ote zioten udal arduradunek.
Atzo, epaiketaren aurreko auzi saioa egin zuten Madrilen, eta han jakinarazi zuten epaiketarako eguna. Saio berean, fiskaltzak iragarri zuen ez duela eskaerarik aurkeztuko. Hala ere, aurrera jarraituko du prozesuak, gainerako aldeek berretsi egin dutelako auzian parte izateko asmoa —Gasteizko Udala, EAJ eta PSE-EE daude pertsonatuta—. Adi! ustelkeriaren aurkako elkartea ez dago tartean, salatu dutenez, orain arte «trabak» izan dituztelako dokumentazio eskuratzeko.
Elkarteak ohartarazi duenez, ordea, gertatutakoa argitzeko ahaleginean segituko dute. «Gai honetan, bide penala ez dago inondik inora itxita». Izan ere, elkartearen esanetan, Kontu Auzitegia ez da sartuko auziaren mamian; ikertuko dutena ez da Anton enpresaburuari faborezko tratua eman ote zitzaion, diru publikoaren kaltetan —hori da udaleko ikerketa batzordeak atera zuen ondorioa—. Auzitegiak orain erabaki behar duena da behin alokairu kontratuak sinatuta udalak modu egokian ordaindu ote dituen alokairuko errentak.
Ustezko irregulartasunak
Martxoan ere deitu zituzten deklaratzera Maroto, Alonso eta auzian inplikatutako gainerako arduradunak: PPko zazpi zinegotzi, eta ondorengo legealdietan Ogasuneko arduradun izandako bi pertsona. PPkoak ez ziren agertu. Orduko hartan, ustezko hainbat irregulartasun atzeman zituen Kontu Auzitegiak, eta 496.223 euroko bermea ezarri zien PPko bederatzi kideei. Izan ere, auzitegiaren arabera, udalak berez ordaindu behar zuena baino milioi erdi euro gehiago pagatu zituen. Teknikariek egindako txostenak aintzat hartu ez izana ere leporatu zieten Marotori eta Alonsori.
Gorka Urtaran Gasteizko gaur egungo alkatearen hitzetan, PPren udal gobernuko arduradunek kalte egin zioten «interes orokorrari», norbanako baten interesaren alde. Hori dela eta, lehenbailehen balizko ardurak argitzeko eskatu du.
Apirilaren 11n epaituko dituzte Maroto eta Alonso, 'San Antonio auziagatik'
Alokairu kontratu bat dela-eta, diru publikoan kalterik eragin ote zuten ikertuko du Kontu Auzitegiak.Fiskaltzak ez du eskaerarik aurkeztuko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu