EAEko hauteskundeak

Apirilaren 17an "eskubide zibil eta politiko guztiak gauza daitezen" Aukera Guztiak ekimena eratu dute

Euskal kulturgintzan eta gizarte arloan ezagun diren hainbat lagunek eta Espainiako zenbaitek Aukera Guztiak izeneko ekimena sortu dute, hain zuzen ere, apirilaren 17ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan "denen eskubide zibil eta politikoak gauza daitezen" bermatzeko. Ekimena hautesleen elkarte bihurtzea nahiko lukete bultzatzaileek, eta horretarako egitasmoarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei. Nolanahi ere, ekimen zibila eta pentsamendu zein ideologia diferenteetako jendeak osatua dela nabarmendu dute; beraz, ez dutela proiektu politiko jakin bat eta hauteskunde programa zehatzik.

2005eko otsailaren 25a
15:59
Entzun
Joan Mari Irigoien, Kirmen Uribe, Dionisio Amundarain eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleek, Pello Zabala frantziskotar eta metereologoak, Jagoba Errekondo paisajistak eta Antxon Lafont enpresaburu eta Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidenteak aurkeztu dute Aukera Guztiak ekimena jendaurrean. Halaber, egitasmoaren bultzatzaile dira Jose Inazio Ansorena musikaria, Laxaro Azkune eta Lolo Rico kazetariak eta Joxe Azurmendi, Montserrat Galceran eta Jose Maria Ripalda unibertsitateko irakasleak.

Ekimenaren helburua eskubide zibil eta politiko guztia bermatzea helburu duen hautesleen elkartea eratzea dela agertu dute, eta horregatik, herritarren laguntza eskatu dute. Hain zuzen ere, [email protected] mezuak bidaliz bat egin daiteke ekimenarekin.

Aukera Guztiak-en bultzatzaileek agertu dutenez, apirilaren 17an indar guztiek ez badute hauteskundeetan parte-hartzeko aukera izaten, ez dira boz demokratikoak izango; areago, indar politikoen ilegalizazioa "izugarrikeria politikotzat" jo dute.

Euskal Herrian herritarren eskubideen urratzeak eta era guztietako indarkeria adierazpenak "etengabekoa eta egunerokoak" direla iritzi diote, eta nabarmendu dute giza-eskubideen aurkako ekintza guztien aurka daudela. Horregatik, beren asmoa bakerako bideak sortzen laguntzea dela agertu dute: "Aukera Guztiak ekimenaren helburua izango da, inor ordezkatzeko asmorik gabe,indar politikoen artean gizartearen borondate demokratikoa bultzatzea bakera bideraturiko konponbide baten bila", adierazi du Mendiguren Elizegik.

Hautesle zerrenda eratuko balitz hautagaitzak nork osatuko lituzketen erabakitzeke dagoela agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.