Euskararen alde egiten diren jaien artean Korrika da ezagunena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat. Hala erakusten du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza sailak kultur usteez eta ohiturez egin duen azterketak.
Hain zuzen ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %93k du Korrikaren aditzera. Gipuzkoan %96ra iristen da ezagutza hori, eta Araban (%88) da txikiena. Bizkaian herritarren %93k ezagutzen dute.
Euskararen alde egiten diren osterantzeko festak ere ezagunak dira. Kilometroak (%75), Korrika Txikia (%74), Ibilaldia (%69), Nafarroa Oinez (%68), Araba Euskaraz (%66) eta Herri Urrats (%52) ordena horretan sailkatzen dira herritarren ezagutzaren arabera. Gipuzkoan dira ezagunenak jai horiek denak, Ibilaldia salbu; Bizkaian dute festa horri buruzko aditzerarik handiena.
Ezagutza ez ezik, jai horietan parte hartzeko joera ere zabala da: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %40k parte hartu du noizbait Korrikan. Ibilaldian, berriz, %28k; Kilometroetan %26k; Nafarroa Oinezen %18k; eta Araba Euskarazen eta Herri Urratsen %16k. Adina kontuan hartuz, zenbat eta gazteago eta orduan eta gehiago dira festa horietan parte hartu dutenak.
Gainera, parte hartu dutenena baino handiagoa da jai horien aldeko dirulaguntza eman edo materiala erosi dutenen portzentaia: %39k diru laguntza eman izan dute horrelako jaietan eta %45ek materiala erosi (kamisetak eta bestelakoak).
Jai horien inguruan iritzi ona dute gehienak, euskararen erabilera bultzatzeko balio dutela uste baitute. %33k pentsatzen dute asko laguntzen dutela euskararen erabilera bultzatzen, eta %45ek nahikoa laguntzen dutela. %13 dira gutxi bultzatzen dutela uste dutenak, eta %2 batere ez dutela balio irizten diotenak.
Azterketa hori egiteko 2.880 laguni egin zieten inkesta, iazko apirilaren erditik maiatzaren hasierara bitartean.
Euskararen aldeko jaieen inguruko ohitura eta iritziak ez ezik, bertsolaritzaren, sukaldaritzaren, musikaren, Eguberrietako ohituren, eta herri zein hirietako festen ingurukoak ere jaso ditu azterketa berean Jaurlaritzak.
Gizartea
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %93k ezagutzen dituzte euskararen aldeko jaiak
Korrika da ezagunena, eta, halaber, parte-hartze handiena biltzen duena. Festa horiek euskararen erabilera bultzatzen dutela uste dute gehienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu