Datu bat eman dute: 2015 eta 2016. urteetan 8.087 aldiz aplikatu dute mozal legea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gainera, bereziki salatu dute Eusko Legebiltzarraren gehiengoak legea ez aplikatzeko eskatu ostean —2016ko ekainaren 22tik— 2.857 aldiz aplikatu dutela. Izan ere, Eleak-Librek gogora ekarri duenez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak argi esan zuen legebiltzarrari esanak esan legea aplikatzen jarraituko zuela.
Nafarroako datua ez dakite, baina emateko eskatuko diote legebiltzarrari, eta, horrekin batera, bertan hitz egiteko baimena eskatuko dute. Eusko Legebiltzarreko Erakundeak, Segurtasuna eta Gobernantza publikoaren batzordean hitza hartzeko baimena ere eskatuko dute, gaurko prentsaurrekoan jakinarazi dutenez. Helburua bi instituzio horiek mozal legea ez aplikatzeko konpromisoa hartzea da.
Bestetik, mozal legeak eragiten dion jendearentzako protokolo bat prestatu duela jakinarazi du Eleak-Libre mugimenduak. Abokatuekin harremanetan daudela diote, eta laguntza emateko prest daudela hala behar duen orori.