Datozen lau urteotan Arabako foru gobernuaren gidaritza hartuko duen taldea ofizialki eratu da. Javier de Andres ahaldun nagusia buru dela, zortzi diputatu berri izango ditu Arabako gobernuak: lau emakume eta lau gizon; horietatik lau independenteak dira. Atzo euren karguen zina egin zuten Biltzar Nagusietako osoko bilkuren aretoan. Karguez jabetu ostean, ahaldun nagusiak esan zuen «Arabak behar duen taldea» dela eta herrialdearen erronkei «berme gehiagorekin» aurre egiteko moduan daudela.
De Andresen hitzetan, «zortzi profesional bikain dira» gobernuan lan egingo duten diputatuak. Nabarmendu du herrialdearen errealitatea ezagutzen dutela eta erakundearen funtzionamendua ez zaiela arrotza. «Araba maite dute, eta erronkei aurre egiteko eta konponbideak bilatzeko borondatea dute».
Dirua aurrezteko asmoz, diputatu kopurua murriztu egin du ahaldun nagusiak, aurreko legealdiko hamarretik zortzira igarota —Foru Administrazioa eta Sustapen Ekonomikoa batu egin ditu—. Marta Alaña (Gasteiz, 1975) izango da Gizarte Zerbitzuen diputatu eta ahaldun nagusiordea. Zuzenbidean lizentziatua da, eta eskarmentua du diputazioan, 2004ik 2007ra Hirigintza eta Ingurumen diputatua izan baitzen.
Luis Viana Apraiz (Gasteiz, 1960), berriz, Foru Administrazioaren eta Sustapen Ekonomikoaren buru izango da. 1999tik 2007ra ahaldun nagusiaren idazkaritza teknikoaren zuzendaria izan zen. Zuzenbidean lizentziatua da.
Javier Ruiz de Arbulo (Gasteiz, 1968) aukeratu dute Tokiko Administrazioko diputatu izateko. Zuzenbidean lizentziatua da, eta EAEko Justizia Auzitegi Goreneko ordezko epailea izan zen.
Enpresa alorreko aditu bat izango da Ogasun Saileko diputatu: Jose Zurita (Bilbo, 1959). Zurita SEA Arabako enpresaburuen elkarteko idazkari nagusia izan zen 1996tik 2001era. Ekonomia zientzia eta enpresan lizentziatua da. Euskara, Kultura eta Kirol saila, berriz, Itziar Lamarainen esku egongo da (Arrasate, 1945). Lamarain PPko zinegotzia da Arrasateko Udalean, baita Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide ere.
Herri Lan eta Garraioetako diputatua Alicia Ruiz de Infante izango da (Oreitia, Araba,1958). Zuzenbidean lizentziatua da, eta Arabako Bideak elkartean abokatu gisa lan egin du. Marta Ruiz (Gasteiz, 1964) Ingurumen eta Hirigintza Sailaren arduraduna izango da. Nekazaritza Saila, azkenik, Borja Monjek (Mañueta, Araba, 1978) hartuko du. Kimikaria da, eta IKT enpresan lan egin du.
Bilduren kritika
Gobernu berriari kritika zorrotzak egin dizkio Bilduk. Haren ustez, PPren eskutik «krisialdiaren erantzulea den eredu ekonomikoa» ezarri da Arabako foru gobernuan. Gobernu berria «eskuin atzerakoiaren eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren» isla dela salatu du Bilduk. Bereziki, Ogasun Saila enpresaburuekin lotura duen pertsona baten esku utzi izana kritikatu du. Hala, koalizioak «ziklo aldaketari eta politika eredu berriari» bizkarra ematea leporatu dio PPri.
«Arabak behar duen gobernu taldea» aurkeztu du Javier de Andresek
Arabako foru gobernuko zortzi diputatu berrik euren karguen zina egin dute Biltzar Nagusietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu