Arabak ez du pagatuko AP-1eko gehiegizko kostua

Errepidea egin zuen enpresari 31 milioi euro pagatzetik salbuetsi du aldundia Arabako Probintzia Auzitegiak

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Arabako Aldundiak ez du ordaindu beharkoAP-1 autobideko Arabako zatia egin izanagatik enpresek eskatzen zioten dirua. Arabako Probintzia Auzitegiak salbuetsi egin du galdegindako 31 milioi euroak ordaintzetik. Hala, aldez aurretik onartu zuen zorra pagatzera behartu du soilik: 4,2 milioi euro, kontratuan ageri ez ziren lanengatik. Zor horri errepidea egiteko lanak amaitu zirenetik sortutako interesak gehituko zaizkio.

Gasteizko auzitegi batek joan den martxoan hartutako erabakia berretsi du probintzia auzitegiak. Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera izango du orain Dragados, Obras y Proyectos, FCC eta Yarritu enpresek osatutako behin-behineko enpresen batasunak.

AP-1 eraikitzeko aldundiarekin sinaturiko kontratuaren baldintzetan aldaketak egon zirela argudiatu dute enpresek. Haien esanetan, autobidea eraikitzeko lanetan egin zituzten 800 unitateetatik 380 aurreikusi gabe zeuden. Horrez gain, 30 hilabete iraun behar zuen lana 43 hilabetera luzatzera behartu zituztela azaldu dute. Ia urtebete geldik egotera behartuta egon ondoren, 28 hilabetean guztia amaitu behar izan zuten gero.

Viasa Arabako errepideen sozietateak, aldiz, aldaketa guztiak aurrez zehaztuta zeudela ziurtatu du, eta horrelako lanetan guztiz ohikoak diren «doitze txikiak» egon direla bakarrik; obrak gauzatzean eraginik izan gabe. Adjudikatzearen gehienezko prezioa 75,6 milioi eurokoa zela adierazi du Viasak, eta enpresek ezin zutela eskatu hori handitzea, besteren artean.

Bildu: «Bidegi, eutsiezina»

Bildu Gipuzkoako errepideen finantzaketari buruzko batzorde txostengilera «jarrera eraikitzailearekin» joango dela baieztatu du koalizio abertzaleko eledun Iban Asenjok. Kontu publikoak «argiak» izateko eskatu du. Bidegiren egoera gaur egun «bideraezina» delako, haren ustez. Hala, Bidegiren zorra erakundeak berak ordaindu behar duela adierazi du, Gipuzkoako Foru Aldundiak dirua jarri behar duen sistema bat «eutsiezina» delako.

Halaber, bidesarien bideragarritasuna neurtzeko batzordeak hiru edo lau hilabeteko epea hartuko duela azaldu du Asenjok. Epe hori amaitzean aldundiko teknikariek ikerketaren emaitzak aurkeztuko dituztela adierazi du.

Atzo bildu zen lehen aldiz batzorde txostengilea, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Agerraldiak daudenean bilerak publikoak izatea onartu zuten. Hainbat agerraldi eskaera onartu zituzten ostegunetan egingo dituzten bilkuretarako. Bidegiko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Legebiltzarreko eta Bidelaneko hainbat eragilek parte hartuko dute agerraldi horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.