Arabako Aldundiak akastzat jo du Aramaioko plan bat euskara hutsean egotea

«Harrigarritzat» jo du Ajuria alkateak oharra, eta gogorarazi du Aramaion euskararen ezagutza %8okoa dela

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Arabako Foru Aldundiak «akastzat» jo du Aramaioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra euskara hutsean idaztea. Aramaioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren txostenean, zenbait «akatsen» zuzenketa egiteko eskatu dio udalari. «Akats» horien artean lehena, ebazpen guztien aurkibidea eta ziurtagiriak euskaraz bidali izana da. Bide batez, gogorarazi du zuzenketak bidali arte ez dela hasiko planari buruzko ebazpena emateko epea.

Arabako Foru Aldundiaren jakinarazpenarekin harrituta agertu du Ramon Ajuria Aramaioko alkatea, eta ez dago ados. Aldundiak planaren zenbait atal euskara hutsean egotea akastzat jo izana «harrigarria» gertatu zaio, Aramaioko testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuta. «Legez babestuta dauden bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea akastzat jo daiteke?».

Plana gaztelania hutsean idatzita bidali izan balute arazorik ez legokeela nabarmendu du Ajuriak. Horrenbestez, aldundiaren jokabidea «interesatua» dela salatu du, eta plana euskaraz onartzeko eskatu dio. Bide batez, administrazio guztiei euskaraz egiteko eskatu die, eta horretarako beharrezko neurriak hartzeko eskatu du.

Aramaioko Udalak martxoaren 7an aurkeztu zuen Arabako Foru Aldundian Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, datozen hamar urteetan udalerriko hirigintza garapenaren ardatza. Martxoaren 23an Arabako Aldundiko Hirigintza Zerbitzuaren erantzuna jaso zuen, zuzendu beharreko «akatsen» berri emanez. Planean euskara hutsean dauden atalak gaztelaratzeko eskaria Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legearekin arrazoitu zuen bertan.

Lege horrek zehazten du EAEko administrazioen oharrak eta komunikazioak bi hizkuntzetan izan behar dutela. Jatorrizko legeak, ordea, udalerrien ezaugarri soziolinguistikoetan oinarrituta, soilik euskara erabiltzeko aukera ematen zuen. Legea onartu eta lau urtera, baina, Konstituzioaren aurkakotzat jo zuten puntu hori; Espainiako Konstituzioak dio gaztelera jakitea derrigorrezkoa dela, baina euskara jakiteko beharrik ez dagoela argudiatu zuen Auzitegi Konstituzionalak.

Ramon Ajuriak nabarmendu du 1982tik, euskara normalizatzeko legea onartu zenetik, gizartea aldatu egin dela eta lege hori egokitu egin beharko litzatekeela. Halaber, gogorarazi du zein den Aramaioko egoera soziolinguistikoa; udalerri horretako biztanleen %80 baino gehiago euskaldunak dira, eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Arabako udalerri bakarra da.

«Dokumentu falta»

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak ez du eztabaidan sartu nahi izan. Aramaioko Hiri Antolamendurako Plana atzera botatzeak hizkuntzekin zerikusirik ez duela nabarmendu zuen atzo eguerdian emandako prentsaurrekoan. Planaren izapideak egiteko «ezinbestekoak» diren dokumentuak falta zirela gaineratu zuen. «Falta zaizkien agiriak bidaltzeko eskatu zaie; ez da atzera bota hizkuntzarengatik».

De Andresek gogorarazi du Arabako Foru Aldundiak bi hizkuntzetan idatzitako agiriak eta dokumentuak jasotzen dituela egunero, eta euskara hutsean idatzita daudenak inoiz ez direla atzera bota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.