Arabako aurrekontuak onartzen lagunduko du EAJk

«Erantzukizunagatik» abstenitu egingo da EAJ, eta PSE-EEren babesarekin onartuko ditu PPk aurrekontuak

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
PPk aurrera aterako ditu Arabako Diputazioko aurrekontuak. Izan ere, EAJk iragarri du abstenitu egingo dela aurrekontuen bozketan, eta ondorioz, PPk eta PSEk gehiengo nahikoa izango dute 2012ko aurrekontuak onartzeko.

Jeltzaleek «erantzukizunagatik» hartu dute abstenitzeko erabakia, Ramiro Gonzalez Batzar Nagusietako EAJko eledunak jakinarazi duenez. Argitu du EAJk ez dituela gustuko aurrekontuak: «PPk landutako aurrekontuak ez dira egokiak Arabarentzat. Ez ditu jasotzen ekonomia bizkortzeko egitasmo, inbertsio edo neurririk, ezta enplegua sortzen laguntzeko programarik ere». Gainera, tartean ez dela egon negoziaziorik esan du, baina krisialdi egoeran herrialdeak aurrekontuak izatea ezinbestekoa dela erantsi du: «Hobe da aurrekontu txarrak izatea, aurrekonturik ez izatea baino».

PPk eta PSEk ez dute gehiengo osoa Batzar Nagusietan (25 batzarkide dituzte). Hala, Gonzalezek gogoratu du EAJren abstentzioa funtsezkoa dela aurrekontuak aurrera ateratzeko, jeltzaleek aurka bozkatuz gero, foru gobernua «krisi egoera» batean murgilduko litzatekeelako. EAJrentzat, «alderdi interesak» alde batera uzteko eta «arduraz» jokatzeko garaia da oraingoa, eta horregatik ez du proiektuaren aurka bozkatuko.

Abstentzioa ez da negoziazio baten ondorio izan, baina PPk «baikor» erantzun dio EAJk egindako bi eskaerei, Gonzalezek azaldu duenez. Astearen hasieran EAJk bi eskaera egin zizkion PPri, aurrekontuekin lotuta: batetik, 2012an Arabako udalerriek lanak burutu ditzaten diru laguntzak ematea, eta bestetik, FOFEL Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren dirua itzultzeko «formula malgua» eskaintzea. EAJko batzarkideak jakinarazi duenez, foru aldundiak bi eskaera horiek aurrera eramateko konpromisoa hartu du: hala, aldundiak Arabako udalerrientzat 20 milioi euroko plana martxan jarriko du lanak burutu ditzaten, eta FOFELeko dirua itzultzeko epea 2013ra arte luzatuko die.

Gaur bozkatuko dituzte osoko zuzenketak Batzar Nagusietan, eta EAJren abstentzioari esker, atzera botako dituzte Bilduk eta EBk aurkeztutako zuzenketa bana. Datorren ostegunean izango da aurrekontuen bozketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.