Arabako diputatuek karguaren zina egin dute

EAJren eta PSE-EEren artean adostutako «bide orri argia» duen foru gobernu bat izango da, ahaldun nagusiak esan duenez. Halere, prest egongo da beste taldeen proposamenak onartzeko .

Arabako Foru Aldundiko diputatu berriak, gaur. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Leire Yue Ortubay Ibabe
2023ko uztailaren 4a
14:00
Entzun

Arabako Foru Aldundiko bederatzi diputatuek euren karguaren zina egin dute gaur batzar nagusietan: sei emakumek eta hiru gizonek. Datozen lau urteotan gidatuko dute Arabako foru gobernua, Ramiro Gonzalez dutela buru. Sei diputatu jeltzalek eta hiru sozialistek «hitzeman» dute «Arabako foruak, ohitura eta usadio onak» gordeko dituztela, «autogobernu eta askatasunaren seinale» direlako.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko diputatua izan da lehenengoa hitz horiek esaten. Itziar Gonzalo de Zuazo, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu arduraduna izan da hurrengoa. Karguaren zina egin dute gainontzeko diputatuek ere. Jone Berriozabal izango da Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailaren arduraduna; Saray Zarate arduratuko da Ekonomiaren Garapenaz eta Berrikuntzaz; Gorka Urtaran ere, azken bi agintaldietan alkate izandakoak, zina egin du Gizarte Politiketako arduradun bezala; Jon Nogales Mugikortasun Jasangarrien eta Bide Azpiegituren foru diputatua izango da; Anartz Gorrotxategik Lurralde Orekako eta Lurralde Antolaketaren ardura izango du; Amaia Barredo Iraunkortasuneko, Nekazaritzako eta Natura Inguruneko foru diputatua izango da, eta Ana de Val izan da zina egiten azkena, zeina Kulturaz eta Kirolaz arduratuko baita.

Ramiro Gonzalezek adierazi du gaur «etapa berri bat» hasiko dela. Ez da ahaztu, baina, azken foru gobernuko kideekin. «Eskerrak» eman dizkie «egoera zailean lan handia» egiteagatik. Gaineratu du orain talde berriari dagokiola azken foru gobernuaren «ekintza, egitasmo eta proiektuak ixtea». Talde berriaren buru izateaz «harro» dagoela adierazi du, eta foru gobernu berriak «erronka handiak» izango dituela erantsi.

Gonzalezen esanetan, EAJren eta PSE-EEren artean adostutako «bide orri argia» duen foru gobernu bat izango da. Halere, beste talde batzuetatik datozen proposamenak onartzeko prest dagoen gobernu bat dela argitu du. «Lankidetza, elkarrizketa eta adostasuna» izango dira talde berriaren ezaugarriak. Lankidetza azpimarratu du, bai gobernuaren barruan, bai gainontzeko instituzioekin eta gizarte osoarekin ere. Gainontzeko alderdi politikoekiko «elkarrizketa eta adostasuna» ardatz hartuko dituela esan du, denon artean Arabak «aurrera» egin dezan.

«Arabar guztien zerbitzuan» dagoen gobernua izango da, azpimarratu duenez. «Araba lurralde oparoago eta bateratuagoa» izan dadin lan egingo duela hitzeman du, «pertsona guztiek bizi proiektu duina eduki dezaten». Gobernu «kontinuista» izango da «indartsu» egin dituen politiketan, baina «eraldatzailea» eskakizun berriei aurre egiteko. Arabak «bizi kalitatean lidergoa» izan dezan jarraituko dute lanean bihar bertan 13:00etan hasiko den Gobernu Kontseiluan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.