ARABAKO DIPUTAZIOA. Agintaldi osoan maletak prest

Zentsura mozioaren ika-mikaren erdian beteko ditu bi urte Xabier Agirre jeltzalea buru den Arabako foru gobernuak

edurne begiristain
Gasteiz
2009ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Azkenaldian sekula baino gehiago hitz egiten ari da Arabako Diputazioaren egoeraz. Komunikabideetako titularrak ia egunero bete dituXabier Agirre jeltzaleak gidatzen duen erakundeak. Izan ere, Agirre Arabako Aldundiko diputatu nagusiizendatu zutenetik bi urte bete direnean, aginte makila galtzeko arriskuan egon da.Sozialistak Ajuria Enera iritsi direnean, EAJren aurkako zentsura mozioaren mamua zabaldu dute popularrek. Oraingoz, ordea, aukera hori baztertu egin dute sozialistek.

Arabako egoera politikoa gazi-gozoa den une honetan, Biltzar Nagusietan ordezkaritza duten taldeengana jo du BERRIAk Arabako egoera politikoari buruzko iritzia eskatzeko. Agirreren gobernuaren bi urteko kudeaketaz eta zentsura mozioaren inguruko polemikaz gogoeta egin dute EAJk, EAk, ANVk, EBk eta Aralarrek. PSEk eta PPk ez diote deiari erantzun.

ROBERTOGONZALEZ
EAJ
«PPk zortzi urtez utzitako zorra kitatzen aritu da Arabakoforu gobernua»

Baikorra da Roberto Gonzalez EAJko biltzarkidea Xabier Agirreren gobernuak azken bi urteotan egindako kudeaketarekin. EAJko biltzarkideak alde nabaria ikusten du Ramon Rabanera popularraren eta Xabier Agirre jeltzalearen kudeaketaren artean: «PPk zortzi urtez Arabako Foru Aldundian utzitako zorra kitatzen eta krisiari aurre egiten aritu gara, eta hor daude emaitzak».

Bestalde, Araban zentsura mozioa aurkezteko nahian PP «bakarrik» ikusten du biltzarkide jeltzaleak. Haren ustez, PSEk «koherentzia politikoarekin» eta «zentzuz» jokatu du zentsura mozioari bizkarra emateko orduan. Aurrera begira ere PPren asmoak ez direla gauzatuko eta Diputazioaren «egonkortasuna» bermatuta egongo dela ziur da, gainera. Aurrekontuen negoziazioa da horren bermea: «Irailetik aurrera aurrekontuak negoziatzen hasiko gara alderdi guztiekin, baina bereziki alderdi sozialistarekin, haiekin hitzartu ditugulako azken bi urteotan». Agirreren gobernuak legealdia «lasai» bukatzea espero du Gonzalezek, zentsura mozioari ez baitio inolako bideragarritasunik ikusten.ukae

AITOR BEZARES
EAE-ANVko hautetsia
«EAJk PSEren neurrira egindako kudeaketa eraman du Arabako Aldundian»

Arabako foru gobernuak azken bi urteotan izan duen kudeaketarekin zeharo kritikoa da Aitor Bezares EAE-ANVko hautetsia. «PSE-EEren neurrira egindako kudeaketa egin du EAJk Arabako Diputazioan», salatu du. Bezaresek«eroso» ikusten du PSE Araban, EAJrekin batera egitasmo garrantzitsuenak aurrera ateratzen dituelako bertan, baita Gasteizko Udalean ere.Hala, sozialistek orain zentsura mozioa baztertu izana testuinguru horretan kokatu du: «Araban benetan agintzen duena Txarli Prieto da, hark kontrolatzen du zein politika garatu nahi duen herrialdean, eta orain aldaketarik ez zaio komeni».

Agirreren gidaritzapean Diputazioan aurrera eramandako politikak abertzaletasunaren ikuspuntutik «eskasak» izan direla salatu du Bezaresek. «EAJk saldu egin du bere abertzaletasun izaera botere kuotari eusteko, eta PSEk argi dauka EAJk zintzo jokatzen duen bitartean ez duela boteretik kenduko». Kudeaketa ez ezik, EAJk gainerako taldeekin izan duen jarrera ere salatu du Bezaresek. Izan ere, elkarrizketarako eta akordiorako ateak erabat itxi egin dizkiela kritikatu du.

LAUREN URIA
EA
«PPk arduragabekeriaz jokatu du, eta PSEren jarrera ez da izan behar bezain tinkoa»

Arabako Diputazioa «desegonkortu» nahi izatea leporatu die EAko biltzarkideak PPri eta PSEri.Zentsura mozioaren inguruan sortutako ika-mika Arabarentzat kaltegarria izan dela iritzi dio Lauren Uriak: «PPk arduragabekeriaz jokatu du, eta PSEren jarrera, neurri batean, ez da behar adina tinkoa izan, Arabako egoera politikoa desegonkortu duelako». Nolanahi ere, sozialisten lehentasuna jeltzaleekin akordioak egitea dela ziur da, bi alderdiekbat egiten dutelako Arabako eta Gasteizko egitasmo nagusiak aurrera ateratzeko. Horrela, EAJk mahai gainean jarritako egonkortasunerako eskaintza sozialisten neurrira egindakoa dela iritzi dio Uriak: «PSE halako proposamen bat itxoiten ari zen». Horregatik uste du zentsura mozioak dagoeneko ez duela inolako sinesgarritasunik. «Mozioa ez du inork sinesten, etaaurkeztuz gero, porrotizugarria izango litzateke».

Bestalde, Arabako foru gobernuaren bi urtekokudeaketa defenditu du Uriak. Ez dagoela blokeatuta dio: «Azken bi urteetan aurrekontuak aurrera atera ditugu». Popularrek bi legealdietan utzitako 40 milioiko zorrari aurre egitea izan da Agirreren gobernuak azken bi urteotan izan duen zeregin nagusia, EAko biltzarkidearen esanetan. «Gobernua errealista izaten ari da eguneroko kudeaketan». EAk foru gobernuari egin dion ekarpena ere nabarmendu du Uriak: «Lurraldean aurrera eraman diren egitasmorik progresistenak EArenak izan dira».

IÑAKI ALDEKOA
Aralar
«Euskal kulturarako eta bakerako oso kaltegarria litzateke PPk agintzea»

Duela bi urte Aralarrek Arabako ahaldun nagusia aukeratzeko bozketan izan zuen jarrerak helburu bakarra zuela gogoratu du Iñaki Aldekoa biltzarkideak:«PPren zortzi urteko agintaldia oso kaltegarria izan zen Arabarako, eta gure helbururik garrantzitsuena zen hura agintetik kentzea». Orduko egoera gaur egunArabako politikagintzan dagoenarekin parekatu du Aralarreko biltzarkideak: «Garrantzitsuena da PPk gobernua ez eskuratzea, euskal kulturarako, bakerako eta normalizaziorako eta gizarte politiketarako oso kaltegarria izango litzatekeelako». Aldekoaren irudiko, PSEk zentsura mozioaren «damoklesen ezpata» izango du une oroEAJren gainean.

2007ko hauteskundeen ondotik, Arabako Foru Aldundiko gobernuko kidea da Aralar, EArekin eta EAJrekin batera. Orain arteko esperientzia «gazi-gozoa» izan dela aitortu du Aldekoak. Alde batetik, uste du bere esku dagoen departamentuari dagozkion gaietan lan «xume eta politak» egin direla. Baina, beste alde batetik, gobernuan egoteagatik zenbait «bidesari» ordaindu behar izan dituztelako ez da gustura agertu. Aldundiaren politika fiskala aipatu du horren erakusle: «Oso atzerakoia da». Nolanahi ere, EAJk, EAk eta Aralarrek osatutako hirukoaren formulari eustearen alde egin du Aralarreko biltzarkideak: «Interesgarria ikusten dugu gobernuari eustea, aurrerakoia eta progresista da, eta batez ere kulturzalea».

NEREA GALVEZ
Ezker Batua
«Gobernua ez da egonkorra izan, eta ez ditu iragarritako aurreikuspenak bete»

Diputazioak orain arte egin duen kudeaketa ez du begi onez ikusten Nerea Galvez EBko biltzarkideak. «Gobernua gutxiengoan egon da, ez du iragarritakoa bete, eta ez da egonkorra izan». Agirreren gobernua «geldituta» dagoela eta ez diela herrialdeak dituen benetako arazoei erantzuten iritzi dio Galvezek: «Zezenari ez zaio adarretatik heltzen ari, eta zerga politikan, esaterako, Madrilek zehaztutakoari men egiten ari zaio».

Horretaz gain, PSE ez gainerako oposizioko taldeekin akordiorik bilatu nahi ez izatea egotzi dioAgirreren gobernuari. Hala, Araban EAJren eta PSEren arteko harremana «baketsua» dela uste du Galvezek: «Elkarri ez erasotzeko ituna dute bi alderdiek, eta aurrekontuak elkarrekin hitzartzen dituzte, Diputazioan eta udalean elkarbizitza baketsua izan dezaten». Zentsura mozioa aurkeztea PSEren eta PPren hitzarmenean jasota dagoela ziurtzat jo du, eta bi alderdi horiek gizartea «engainatzen» ari direla kritikatu du. «Araba trukerako txanpon gisa erabiltzen ari dira». Haren aburuz, PPk PSE derrigortu egingo du itun hori bete dezan.



«PSEk koherentzia politikoarekin jokatu du zentsura mozioariuko eginda»

ROBERTO GONZALEZ
EAJ


«Txarli Prieto da Araban benetan agintzen duena,eta orain aldaketa ez zaio komeni»

AITOR BEZARES
EAE-ANV


«Lurraldean onartu diren egitasmo progresistenak EAk bultzatutakoak izan dira»

LAUREN URIA
Eusko Alkartasuna


«Aralarrek hainbat bidesari ordaindu behar izan ditu gobernuan egoteagatik»

IÑAKI ALDEKOA
Aralar


«Elkarri ez erasotzeko ituna dute EAJk eta PSEk, elkarbizitza baketsua izateko»

NEREA GALVEZ
Ezker Batua


Hauteskundeetako emaitza estuetatik sortutako egoera

EAJk eta PSEkbat egin dute egitasmo nagusietan Arabako Diputazioan eta Gasteizko Udalean
E.B. Gasteiz

Elkarren sostengua behar dute EAJk eta PSEk Arabako Diputazioan eta Gasteizko Udalean. Izan ere, gutxiengoan gobernatzen dute bi alderdiek bi erakundeetan: EAJk, EAk eta Aralarrek 17 biltzarkiderekin agintzen dute Arabako Aldundian, eta PSEk bere taldearenbabesa baino ez du Gasteizko Udalean.

Duela bi urteko foru hauteskundeetan hirugarren indarra izan zen EAJ Araban, PSErekin eserlekuetan parekatuta -hamalauna dituzte- eta estu-estu irabazi zuen PPk bezainbeste boto eskuratuta. Hauteskundeek alderdien artean utzitako alde estu horrek isla izan zuen foru agintaritza eskuratzeko saioan:51 biltzarkideetatik soilik hamasei boto lortu zituen Xabier Agirre jeltzaleak -EAJk eta EAk eman ziotena-, baina aginte makila lortzeko nahikoa babesa izan zen. Ordutik, EArekin eta Aralarrekin batera gobernatzen du EAJk Araban, gutxiengoan. PPk hamabost eserleku ditu Arabako Biltzar Nagusietan, hamalauna dituzte EAJk eta PSEk, lau diputatu EAE-ANVk, bi EAk eta bana Ezker Batuak eta Aralarrek.

Gasteizko Udalean, berriz, alderdi sozialista nagusitu zen hauteskundeetan, aspaldiko partez. Botoetan bai, baina zinegotzietan PPrekin berdinduta geratu ziren sozialistak: bederatzina dituzte. EAJk sei eserleku ditu, bi Ezker Batuak eta bat EAk. Patxi Lazkoz alkateak beste taldeen babesa behar du ezinbestean.

Duela bi urteko foru eta udal hauteskundeek utzitako panorama politiko korapilatsuak behartuta bi erakundeen egitasmo nagusietan elkar babestudute EAJk eta PSEk. Bi adibide horren isla: aurrekontuak eta Vital Kutxa. Batetik, azken bi urteotan Diputazioaren eta udalaren aurrekontuak elkarrekin hitzartu dituzte EAJk eta PSEk. Duela bi urte Arabarako hitzartutako aurrekontuetan Gasteizko Udaleko aurrekontuetan ere akordioa lortzeko konpromisoa hartu zuten.

Bestetik, Vital Kutxako agintea ere bi alderdion artean banatu zuten orain urtebete. Zortzi urtez finantza entitatea PPrekin batera agindu ondoren, EAJrekin elkar hartuta aritzen da orain PSE.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.