Agurainen eta Eltziegon (Araba) EA eta EAJ maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan elkarrekin aurkeztuko direla-eta, gaur herrialdeko EAk ohartarazi du ez dituela "abalatzen" bere kideen hautagaitza independenteak. Urtarrilean alderdiaren batzar nazionalak maiatzeko udal eta foru bozetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik aurkezteko erabakia hartu zuen (%61eko babesarekin), "eta hori bete egin behar da", esan du Fernando Velasco Arabako EAko zuzendaritzako kideak gaur. "Araban bertan, gainera, alderdiaren gehiengo zabal batek horren alde egin zuen".
Agurainen Alkatetza dauka EAk, eta EAJrekin hautesle elkartea osatuta aurkeztuko da. Alderdiak batzar nazionala egin zuenean, Inaki Beraza alkatea kritiko azaldu zen erabakiarekin. Eltziegon, berriz, zerrenda bakarra egingo dute EAJk eta EAk, PSE-EEri nagusigoa kentzeko asmoz.
Gipuzkoan EAk Oiartzunen, Asteasun, Idiazabalen, Seguran eta Zegaman ere Alkatetza dauka, eta herri haietan ere hautesle elkartea osatuko du EAJrekin. Herrialde berean EAJk Alkatetza duen herri batean zerrenda bakarra egingo dute biek: Elgetan.
Velasco Arabako EAko zuzendaritzako kideak esan du hautesle elkarteen sorreren berririk ez dutela "eta, jakina, inoiz ez diegu balekorik eman".
Hauteskundeak
Arabako EAk ez ditu "abalatzen" bere kideen hautagaitza independenteak
Alderdia Agurainen eta Eltziegon EAJrekin aurkeztuko da hautesle elkarte modura. Gipuzkoan, Oiartzunen, Asteasun, Idiazabalen, Seguran, Zegaman eta Elgetan. EAren batzar nazionalak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik aurkezteko erabakia hartu zuen urtarrilean, %61eko babesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu