Arabako eta Bizkaiko aurrekontuak onartu dituzte

Araban, EAJ abstenituta onartu dituzte PPk eta PSE-EEk aurrekontuak: Bizkaian, PPri esker atera ditu aurrera EAJk

edurne begiristain
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Arabako eta Bizkaiko Biltzar Nagusiek onartu egin dituzte 2012ko aurrekontuak. Bi lurraldeetako foru gobernuek akordioak egin behar izan dituzte horretarako: Araban, PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin lortu du PPk aurrekontuak onartzea; Bizkaian, berriz, PPren abstentzioari esker atera dituzte aurrera jeltzaleek.

Arabako Diputazioak 437 milioi euroko aurrekontua izango du 2012an, aurten baino %16,6 gutxiago. Javier de Andres ahaldun nagusia «pozik» agertu da aurrekontuen onarpenarekin. Azpimarratu duenez, aurrekontuakez dira «erakargarriak», krisiari aurre egiteko pentsatuak direlako, eta, horregatik, PSE-EEri eta EAJri eskertu egin die «erantzukizunez» jokatu izana.

Bilduren eta EBren kontrako botoa izan dute aurrekontuek. Bi taldeok gogor kritikatu dute foru gobernuaren proiektua, «murriztailea» delako eta arabarrentzat «kaltegarria» delako. Gorka Ortiz de Ginea Bilduko biltzarkideak salatu du «antzerkia» izan dela negoziazio prozesua, PPk, PSE-EEk eta EAJk aldez aurretik hitzartua zutelako babesa, «euren alderdi interesen» mesedetan. Areago, Bildukoak kritikatu du jeltzaleen abstentzioaren truke foru gobernuak ezohiko diru laguntza emango diela EAJk agintzen duen hamazazpi udalerriei eta lau kuadrillei.

Nerea Galvez EBko biltzarkideak esan du aurrekontuek «ildo neoliberalari» jarraitzen diela eta horien bitartez langabezia handitu egingo dela: «Eskuinak bedeinkatutako eta sozialistek irentsitako aurrekontuak dira».

EAJko Ramiro Gonzalezek azaldu du ez direla berealderdiak nahiko lituzkeen aurrekontuak baina egungo egoeran hobe dela aurrekontu «txarrak» izatea, aurrekonturik ez izatea baino. PSE-EEk ere babesa argudiatu du esanez aurrekontuak izatea «ezinbestekoa» dela krisi egoeran.

Bizkaian, PPrekin

Bizkaian, berriz, PPren laguntza izan du EAJk aurrekontuak aurrera ateratzeko. Hala, Bizkaiko Diputazioak 7.134 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino %1,65 gutxiago.

PPko batzarkide Gonzalo Zorrilla-Lekerikak adierazi du bere taldearen zuzenketei esker aurreko urteetako aurrekontua baino «hobea» dela 2012koa eta horregatik abstenitu dela bere taldea.

PSE-EEk eta Bilduk aurrekontuaren kontra bozkatu dute, eta salatu dute EAJk ez duela haiekin negoziatu nahi izan, euren zuzenketa guztiak atzera bota dituztela eta PPren sei zuzenketa baino ez dituztela onartu. Ia 200 zuzenketa partzial aurkeztu zizkion Bilduk aurrekontuari, baina bat bera ere ez dutela onartu kritikatu du Asier Vega batzarkideak. Haren ustez, krisialdian sakonduko dute 2012ko aurrekontuek.PSE-EEko eledun Iñaki Egañak EAJren eta PPren arteko akordioa «alderdikoia» izan dela salatu du: «Eskuinaren arteko kromo trukaketa bat izan da».

Gipuzkoan, gaur bozkatuko dituzte datorren urteko aurrekontuak, eta hor ere EAJren aldeko botoa erabakigarria izango da Bilduk gehiengo nahikoa izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.