Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio proiektua aurrera eraman aurretik aztertzeko zein eragin izango lukeen ingurumenean Arabako gasa ustiatzeak.
PSE-EEk ez beste alderdi guztiek bat egin dute Ezker Batuko legebiltzarkideak aurkeztutako proposamenarekin. Hala, zuhurtziaren printzipioari jarraikiz, PPk, EAJk, Aralarrek, EAk, EBk eta UPDk Eusko Jaurlaritzari ohartarazi diote neurtu egin behar dela zer ingurumen eragin izango duen fracking edo haustura hidraulikoaren bidez gasa ustiatzeak. Hiru eskari egin dizkiote alderdi horiek gobernuari: ofizioz ekin diezaiola eta eska dezala ingurumen eraginaren azterketa hidrokarburoak bilatzeko planaren egitasmoaren inguruan, eta egin ditzala arriskuen azterketa eta hondakinen kudeaketa plana.
Legebiltzarreko eztabaidari adi egon ziren Fracking Ez plataformako kideak, eta, alderdiek egindako ahalegina eskertu bazuten ere, ez ziren erabat gogobete. Izan ere, legebiltzarkideek, berriki Arabako Biltzar Nagusiek eta Gasteizko Udalak egin duten moduan, ez dute eskatu eteteko hasitako prozedura guztia.
PSE-EE, haserre
Gobernuko alderdiak, PSE-EEk, ez du bat egin gainerako alderdien proposamenarekin, eta leporatu die «gizarte alarma» piztea proiektu horren inguruan. Hala, Natalia Rojo legebiltzarkideak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza legea betetzen ari dela egiten ari den urrats guztietan, eta Espainiako Gobernuari eskatu dizkiola baimen guztietarako ingurumen eraginaren azterketak. Hala, gogorarazi du Madrilek ez duela beharrezkotzat jo ingurumen eraginaren azterketa bat egitea, hainbat gas hobi ustiatzeari ez diolako «behar besteko larritasunik» ikusten. Hala, Rojok adierazi du ustiatze fasean bakarrik beharko dela ingurumen eraginaren deklarazio bat, horraino iritsiz gero.
EAJko legebiltzarkide Javier Carrok gogor kritikatu du Jaurlaritzaren jarrera. «Lardaskeriaz» jokatu izana leporatu dio, eta ziurtatu du hark «gezurra» esan duela baimen guztien inguruan.
Aralarrek ere gaitzetsi du PSE-EEren jokabidea: «tranpa» egitea leporatu dio. «Zundaketak egiteko bakarrik eskatu dute baimena, eta egiten ari direna ez da zulo bat bakarrik; jarduera horiek plan oso baten barruan jarri behar ditugu; alegia, Arabako Lautadan gasa ustiatzeko plan orokorraren baitan». Aralarrek eta Ezker Batuak gogorarazi dute gasa ustiatzeko haustura hidraulikoaren sistemak ingurumen kalte handia dakarrela, eta munduko hainbat herrialdetan debekatuta dagoela. Besteak beste, ohartarazi dute lur azpiko urak kutsatzen dituela eta berotegi efektua eragiten duten gas ugari isurtzen dituela. Esaterako, Frantziak, Alemaniak, Erresuma Batuak, Suitzak, Kanadak, Australiak eta Hegoafrikak debekatu dute.
Hala, Ezker Batuak gogorarazi du Ingurumen Eraginaren Direktibak arautzen dituela proiektu horiek Europan.Direktiba horrek estatuak behartzen ditu, baimendu aurretik, proiektu horien ingurumen azterketa egitera, eta, beharko balitz, zuhurtziaren printzipioa ezartzera.
Arabako gas-ustiatze planari ingurumen azterketa egiteko eskatu du legebiltzarrak
Zundatzeen aurretik ingurumen eragina neurtzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, zuhurtziagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu