Arabako kontzejuen %24k izango dute emakume bat lehendakari

Kontzejuetako administrazio batzarretako ordezkariak aukeratu dituzte. Finantzaketa, digitalizazioa, emakumeen parte hartzea eta despopulazioa izango dituzte erronka nagusi

Igandean egin ziren kontzejuetako hauteskundeak. Irudian, Añuako herritarrak botoa ematen. ARABAKO KONTZEJUEN ELKARTEA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Azaroaren 21ean, Arabako 333 kontzejuetako 36.543 arabar deitu zituzten botoa ematera, administrazio batzarretako errejidore eta kideak aukeratzeko. Zehazki, 10.000 kargudun baino gehiago aukeratu zituzten datozen lau urteetarako. Atzo argitaratu zituzten bozen emaitzak. Horien arabera, 155 herritarrek eutsiko diote administrazio batzarraren presidente postuari, eta kontzejuen %24k emakume bat izango dute lehendakari (81 emakume orotara); aurreko bozetan %19 ziren.

Trebiñu ez gainerako kuadrilletako 34 udalerritan banatuta daude Arabako kontzejuak. Toki administrazioen alerik txikienak eta udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeak dira. Lurralde izaera, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna dituzte, eta autonomia osoa beren interesak eta beren eskumenen bitartez herritarren interesak kudeatzeko. Bi kontzeju mota daude Araban: irekiak eta itxiak. Irekietan, bizilagun guztiak dira herriaren gobernuko kide; itxietan, administrazio batzarra aukeratzen dute.

Lau urtean behin egiten dira kontzejuetako hauteskundeak, eta presidente bat eta bi kide hautatzen dituzte, gutxienez. Kopuru hori handitu egiten da herri bakoitzaren biztanle kopurua handitzen den heinean; hala, kide bat gehiago izendatzen da 200 biztanleko, baldin eta kontzejuak 400 biztanle baino gehiago baldin baditu. Hau da: 400eraino, hiru hautatzen dira; 600 biztanleraino, lau izendatzen dira; 800eraino, bost. Hori bai, kontzejuak ezin du izan dagokion udalak baino hautetsi gehiago.

Herri batzarrak diren aldetik, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak dira kontzejuak, eta hargatik dute berebiziko garrantzia lau urtean behin egiten diren hauteskundeek. Batez ere herririk txikienetan sumatzen da bozekiko interes hori, eta horietan izaten da parte hartzerik handiena. Hala gertatu zen joan den igandean ere. Herri txikietan %80tik gorako partaidetza egon zen, eta handietan, %30 ingurukoa. «Kontuan hartu behar dugu herri batzuetan hiru biztanle bizi direla eta beste batzuetan, aldiz, 2.500. Alde handia dago, eta horrek isla du parte hartzean», azaldu du Joseba Terreros AKE Arabako Kontzejuen Elkarteko lehendakariak.

Ardura gehigarri bat

Administrazio batzarreko kideak aukeratuta, datozen lau urteetako erronkei heltzeko prest dira kontzejuak. Eta ez dira makalak aurrean dituzten desafioak. «Osasuntsu daude kontzejuak, baina erronka asko ditugu aurrean». Hiru aipatu ditu Terrerosek: finantzaketa, digitalizazioa eta emakumeen parte hartzea.

Duela lau urte aukeratu zuten Nieves Kintana Otazuko administrazio batzarreko presidente, eta igandeko bozetan ere berriro izendatu zuten buru. Herri txikia da Otazu 79 biztanle ditu, eta hautagaitzarik ez zen aurkeztu igandean. Kintanak azaldu du «erantzukizun bat» dela presidente kargua, baina hartu beharreko ardura bat dela, «herriaren hoberako delako». Hala ere, ez du ukatzen sarritan «aski zaila» dela bere lanbidea eta presidente kargua uztartzea. Abeltzaina da Kintana, eta ia egun osoa eskaini behar dio bere ogibideari. Errejidore lana zama gehigarria da, beraz. «Kargu honetatik herriko denek igaro beharko lukete ikusteko zer-nolako lana egin behar den», ohartarazi du.

Kintanak nabarmendu du herriko ondasun eta eskubideak kudeatzeko eta babesteko ardura dutela eta zerbitzu publiko batzuen gestioa ere haien esku dagoela, esaterako ur-hornikuntzarena. Haatik, kontzejuek aski arazo dituzte egunerokoan. Horietako bat finantzaketa da: kontzejuen berezko diru sarrerak mugatuak izaten dira, eta FOFEL funtsaren bitartez Arabako Foru Aldunditik jasotzen duten dirua «ez da beti nahikoa izaten» herrien premiak asetzeko.

Mendialdeko herri txikietan ongi dakite zer den diru sarrera propiorik ez izatea eta diputazioaren finantzaketatik bizitzea. Horixe da Josu San Vicenteren eguneroko buruhausteetako bat. Haraneko batzar administratiboko presidente aukeratu berriak bigarren legealdia du postuan, eta badaki zeintzuk diren herri txikien oztopo nagusiak. Finantzaketarena ez ezik, erronka demografikoa ere aipatu du, «despopulazioa» gero eta handiagoa baita eremuan. Uste du jende gaztea kontzejuetara erakartzeko lana egin behar dela, arazoak okerrera egin aurretik: «Herri txikietara gazteak etor daitezen neurriak hartu behar dira, eta, zergatik ez, pizgarriak bilatu horiek erakartzeko».

San Vicentek lau urte ditu aurrean herriaren beharrak kudeatzeko eta arazoei irtenbiderik egokienak bilatzeko. Aitortu du «lan karga handia» dela, eta askotan presidenteari dagozkion ardurak hartzeko «iritsi ezinik» ibiltzen dela. Hala ere, argi dauka herriko bizilagunekiko «errespetuagatik» eta «erantzukizunagatik» hartuko duela ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.