Arabako Aldundia PPren esku geratu eta gero, Bilduk berretsi egin du aldaketa politiko eta sozialaren alde tinko lan egiten jarraituko duela. Herrialdeko hirugarren indarra izaki, Bilduk «oposizioaren lanaren gidaritza» hartuko du Arabako Biltzar Nagusietan, aldaketa bultzatzeko. Hala jakinarazi zuten atzo Lorena Lopez de Lacalle eta Gorka Ortiz de Ginea Bilduko biltzarkideek, prentsaurrekoan.
Oposizioan egingo duten lanarekin helburu jakin batzuk lortu nahi dituztela azaldu zuten. Jakinarazi zutenez, zerga erreformaren inguruan ezinbestekoa den hausnarketa bultzatu nahi dute, hizkuntz eskubideak bermatuko dituen hizkuntz politika berria garatu nahi dute eta eragile sozial eta sindikatuei erakundeen ateak ireki nahi dizkiete. Halaber, pribatizatzeko joera amaitu, eta «kudeaketa zuzena eta publikoa» berreskuratzeko lan egingo du koalizioak. Horrez gain, Trebiñuko afera konpontzeko lan egingo dutela hitzeman dute Bilduko biltzarkideek.
Xedeok aurrera eramateko oposizio «eraikitzailea» egingo dutela azaldu du Lopez de Lacallek. Hala, esan du Bilduren programaren inguruan alderdi ororekin hitz egiteko eta akordioak lortzeko prest daudela. «Gu ez gaude inolako siglei lotuta, eta programaren gainean akordioak lortzeko aukera baldin badugu, egingo dugu».
Horren haritik, Bilduko biltzarkideek kritikatu dute Javier de Andres ahaldun nagusiak koalizioarekin hitz egitea alboratu izana, jarrera horrekin diputatu nagusiak «milaka arabar mesprexatu» dituelako. Hala ere, Bilduk elkarrizketa eta akordioak lortzeko ateak parez pare irekita izango ditu: «Dauzkagun desberdintasun politikoak kontuan izanda, guretzat arabarren interesek beti izango dute lehentasuna».
Bilduko ordezkariek gogoratu dute Xabier Agirre jeltzaleari emandako babesa «kritikoa eta arduratsua» izan zela eta euren helburu bakarra zela «Europako alderdirik atzerakoienak» agintzea galaraztea. Izan ere, azpimarratu dute maiatzaren 22ko hauteskundeko emaitzak Arabako gizarteak eskatzen duen aldaketaren adierazle direla eta PPk eta PSEk osatutako «bloke konstituzionalistaren» aurrean aldaketa politiko eta sozialaren nahiak irabazi duela.
«Ikuskizun lotsagarria»
Arabako ahaldun nagusiaren aukeraketan EBk eta EAJk «ikuskizun lotsagarria» eman zutela salatu dute Bilduko biltzarkideek. Haien ustez, egonkortasun instituzionalaren atzean ezkutatzen dena «botoen merkatua» baino ez da. Bildurentzat, baina, badago politika egiteko beste modu bat: «Instituzioak berritu egin behar dira; instituzioen aldaketa ezinbestekoa da». Koalizioko kideen irudiko, interes pertsonaletatik urrun dagoen politika egiteko beste modu bat badago, «gardena eta gizarteari irekia» dena, eta horren alde lan egingo dute Arabako Biltzar Nagusietan.
Araban aldaketa lortzeko «oposizioaren gidaritza» hartuko duela dio Bilduk
Programaren gainean edozein talderekin hitz egiteko eta akordioak lortzeko prest daude Bilduko biltzarkideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu