Migrazioa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen erdiek uste dute lana duten etorkinei soilik eman behar zaizkiela paperak

Ikuspegiren txostenak ondorioztatu du egoera ekonomikoak migrazioaren inguruko jarrerak baldintzatzen dituela: diskurtso "utilitarista" bat zabaltzen ari da.

Migratzaileentzat "harrera duina" eskatzeko manifestazio bat, urtarrilean, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko azaroaren 26a
20:58
Entzun

Migrazioaren inguruko “jarrera nagusiki positiboak” gailentzen ari direla erakutsi du Ikuspegiren 2019ko txostenak. Immigrazioaren Euskal Behatokiak gaur aurkeztutako datuen arabera, diskurtso “funtzionala eta utilitarista” zabaltzen ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen artean: badakite migrazioa egiturazko fenomenoa dela, eta, are, uste dute enplegurako ona dela. “%60k adierazi dute migrazioa beharrezkoa dela, ekonomiak hobeto funtzionatzea ahalbidetzen duelako eta etorkinek bertakoek nahi ez dituzten lanpostuak betetzen dituztelako”, azaldu du Beatriz Otero Ikuspegiko ikerlariak.

Behatokiak 2004tik emandako datuei erreparatuta, ondorioztatu dute egoera ekonomikoak eragin handia duela migrazioaren inguruko jarreretan. Adibide gisa jarri dituzte Immigranteek lana kentzen digute baieztapenak jasotako iritziak: 2013an, biztanle kopuru berdina agertu zen alde zein kontra (%42), baina egun %66 daude aurka, eta soilik %17 daude esaldi horrekin ados.

Migrazio politiken inguruko iritzietan ere nabari da bilakaera hori: enplegua daukatenen egoera araupetzearen aldeko jarrerak nagusitu dira. “Lan kontratua edukitzeak lasaitasuna ematen dio gizarteari”, berretsi du Oterok. Hala, biztanleen %20 agertu dira etorkinak inolako trabarik gabe sartzen uztearen alde, eta %52, berriz, soilik lan kontratua dutenei sartzen uztearen alde; azken ehuneko hori %35ekoa zen iaz, baina %67koa 2013an, eta %82koa 2007an. Era berean, %24k uste dute migratzaile guztiei paperak eman behar zaizkiela, eta ia %50ek bakarrik lana dutenen egoera araupetu behar dela. %5ek baino ez dute babestu papergabe guztiak kanporatzea; 2012an, %21ek zuten iritzi hori.

Babesa edo asiloa eskatzen dutenei buruzko jarreretan ere izan da aldaketa txiki bat: migratzaileak ihesi dabiltzala egiaztatzea lehenetsi dute %46,7k (iaz %40,7 ziren), eta behera egin du mugarik gabe hartu nahi dituztenen kopuruak, %29,8tik %23,4ra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.