Aralar 2035 arte kudeatzeko akordioa lortu dute

Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak adostu dute Aralar parke naturala eta mendia kudeatzeko plangintza. Hiru pista egitea aurreikusten du hitzarmenak.

Aralar parke naturala, artxiboko irudi batean.
Aralar parke naturala, artxiboko irudi batean.
Xalbat Alzugaray
2025eko maiatzaren 14a
19:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Adur Ezenarro Ordiziako (Gipuzkoa) alkateak iragarri dute Aralar mendia kudeatzeko akordioa lortu dutela. Hortaz, 2035 arte Aralarko parke naturala eta larreak kudeatzeko plana sinatu dute, eta hitzarmen horretan jaso dute mendiak garbitzeko neurriak hartzea eta artzain etxoletara joateko hiru pista egitea.

Urteetako desadostasuna konponbidean jarri nahi izan dute akordioarekin. Iazko apirilean lehen akordio bat sinatu zuten mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parke naturalaren kudeaketa berriz plantan jartzeko. Bertan, parke naturaleko garbiketetan eta premiazko jarduera batzuetan 300.000 euro emateaz gain, bi erakundeen arteko harremana berriz eraikitzeko premiak zehaztu zituzten.

Orain aurkeztu duten akordioa iazkoaren segida dela azaldu dute Arrutik eta Ezenarrok. Mendia eta naturagunea mantentzeko neurriak eta plangintzak adostu dituzte. Bertzalde, mankomunitateak 2016an onartu zuen artzainen etxola «guzietara» joateko bideak egingo zituztela, baina orain diputazioak eta mankomunitateak izenpetu duten itunaren arabera, beste hiru pista egitea aurreikusten dute: Arritzagakoa eta Elutsetakoa, lehentasunez; eta, bigarren mailako premia aitortuta, Pagabekoa. «Txaboletarako irisgarritasuna bermatuko duten bide hauen tramitazio administratiboa akordioa sinatzearekin batera hasiko da, eta bakoitzaren konplexutasunaren araberako denbora eman beharko zaio obra lanak egiten hasi aurretik —urte bat edo bi gehienez ere—, baina, betiere, ezarritako lehentasunen hurrenkera errespetatuko da», dio hitzarmenak.

Gatazkaren jatorria

Zalaparta handia eragin izan du pisten auziak Aralar aldeko herrietan. Pistak egitearen alde agertu izan dira udalerri batzuk eta baserritar elkarteak, sinetsita artzaintza ezinbestekoa dela Aralarren, eta pistak behar direla artzainak baldintza «duinetan» jarduteko. Haatik, talde ekologista batzuek kontra egin izan dute.

Orain arteko blokeoa amaitzeko «aurrerapauso garrantzitsua» da hitzarmena, Arrutiren hitzetan: «Izan ere, beharrezko patxada emango digu egin beharreko lanak egiteko, besteak beste gure lurraldeko abeltzaintza jarduera babestuz, horrela gure elikagaien jasangarritasuna bermatuz eta, bide batez, bere ekimen honen bitartez, Gipuzkoako biodibertsitatea zainduz, lurralde oreka berdearen eta, ondorioz, guztion ongizate integralaren mesedetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.