politika

Aralarrek argitu du bera ez dela autodeterminazioaren aldeko manifestazioaren deitzaileetakoa

Alderdiaren izena "erabili" egin dutela esan dute Patxi Zabaleta, Jon Abril eta Rebeka Uberak. Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk 'Nazioa gara. Autodeterminazioa' manifestazioa deitu dute hilaren 10erako (Donostia, 17:30), eta atzo lauren izenean zabaldu zuten Aralar ere bazela deitzaile. Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk diote Aralarrek ontzat jo zuela idatzia baina hau atzo 19:00etan beste testu batekin joan zitzaiela.

2010eko uztailaren 3a
20:53
Entzun
Atzo hedabideetara zabaldu zutenez, Alternatibak, Aralarrek, ezker abertzaleak eta EAk gaur Donostian elkarrekin agerraldia egingo zuten, uztailaren 10erako Nazioa gara. Autodeterminazioa lelopean manifestazioa deitzeko, baina gaur Aralarrek jakinarazi du bera ez dela deitzaileetakoa eta ez zela joango prentsaurrekora.

"Aralar ez da presente egonen gaurko iragarria dagoen prentsaurrekoan eta, beraz, ez da bertan aurkeztuko den manifestazioko deitzailea. Dei horretan gure izena erabilia izan da", esan dute gaur goizean ohar batean Patxi Zabaleta, Jon Abril eta Rebeka Ubera Aralarreko koordinatzaileek. Haien arabera, euren alderdiak "proposamen zehatzak" egin zituen aurretik, baina "ez da lortu manifestazio horren deia eta zentzua adostea". Aralarrek uste du "autodeterminazioaren aldeko mugimenduak ahalik eta zabaltasunik handiena biltzeko ahalegina" egin behar dela. Kasu, EAJk ere hor beharko lukeela iritzi izan dio.

Donostian izango da hilaren 10eko manifestazio hori (17:30, Antiguako tunela), Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk deituta. Hiru horiek gaur adierazi dute ekimeneko testua laurek adostu zutela eta horregatik jakinarazi zutela laurak zirela deitzaileak, baina azaldu dute Aralarrek atzo 19:00etan beste testu bat aurkeztu ziela. Harrituta geratu dira Alternatiba, ezker abertzalea eta EA hark atzera egin duelako, "haren testu berrian ez zegoelako aldaketa handirik". Bi aldeek ez dituzte testuak zabaldu jendaurrean.

Ezker abertzaletik Rufi Etxeberria eta Miren Legorburu izan dira prentsaurrekoan, EAtik Mariano Alava eta Ikerne Badiola eta Alternatibatik Ander Rodriguez eta Jonathan Martinez. Ekimena beste eragileei zabalik dagoela adierazi dute.

Euskal Herriak esparru politiko-juridiko berria behar duela aldarrikatu dute, eta horrek erabaki eskubidea jaso behar duela. "Ezinbestekoa da Espainiako Estatuan bigarren trantsizioa egitea".

Aralar Bartzelonan hilaren 10ean

Egun berean Bartzelonan Nazioa gara manifestazioa izango da, eta Aralarrek jakinarazi du ordezkaritza ofiziala bidaliko duela hara. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutua ontzat jo baina murriztu ondotik deitu du Bartzelonako ekimen hura Kataluniako plataforma batek, eta eragile askoren babesa jaso du.

Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk diote Herrialde Katalanek autodeterminazio eskubidea behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.