politika

Aralarrek dio abertzaleen elkarlanak giza eta erabaki eskubideei heldu behar diela, "hauteskunde lehia" utzita

Larunbateko manifestazioak "gizartean ilusio eta indar metaketa eskaria" sortu duela dio, "baina horrelako indar metaketak ez dira egun batetik bestera sortzen, eta ezinbestekoa da aurrez oinarri sendoak lantzea eta ezartzea". Beste alderdiei zertarako dauden prest argitzeko eskatu die.

2009ko urriaren 21a
19:23
Entzun
"Abertzaleen eta soberanisten arteko elkarlanean" zertarako dauden prest argitzeko eskatu die Aralarrek gainontzeko alderdi politikoei, eta berak argitu du elkarlan hori "hauteskunde lehiatik at utzi" behar dela.

"Bi lan ildo" izan behar ditu elkarlanak, haren arabera. "Batetik, bakea lortzeko bidean giza eskubide eta eskubide zibil eta politikoen defentsa bateratua egitea, eta eskubide urraketa horiei erantzun bateratua eman ahal izatea: ETAren atentatuei, alderdien legez kanporatzeei, politikarien atxiloketei, presoen argazkiekin sortutako egoerari.... Eta, bestetik, gure herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidearen aldeko estrategia bateratua garatzeko, gehiengo sozial eta politikoa agerikoa egin eta urratsak ematen jarraitzeko. Ildo honen inguruan batu ginen orain urte bat [EAEko] Kontsulta Legearen inguruan aldarrikapena egiteko. Lan hark etena izan du, eta segida beharko lukeela uste dugu”, esan dute gaur Jon Abril alderdiko koordinatzaileordeak eta Oxel Erostarbe Gipuzkoako koordinatzaile eta eusko legebiltzarkideak, Donostian.



ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta larunbatean egindako manifestazio nazional erraldoian "aspaldian ikusi gabeko argazkia" izan zela dio Aralarrek, "eta ulertzekoa da Euskal Herriko gizartean sortu duen ilusio eta indar metaketa eskaria. Baina horrelako indar metaketak ez dira egun batetik bestera sortzen, eta ezinbestekoa da aurrez oinarri sendoak lantzea eta ezartzea, eta inolako espektatiba faltsurik ez sortzea”.

Indar politikoen aldetik, EAJk, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, ABk, Hamaikabatek eta Alternatibak hartu zuten parte larunbateko manifestazioan. “Politikari bide egiteko garaia da, politikaren aldeko hautu garbia egitekoa, Espainiako Estatuaren estrategiari aurre egiteko. Politika egiteko erabakia da estatuari ardura gehien ematen diona”, Aralarren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.