Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak indarrak biltzeko egin duten akordioan parte hartzeko gonbitik ez duela jaso azaldu zuen atzo Aralarrek prentsa ohar baten bidez. «Nahiz eta bestelako gunetan elkarrekin jardun» bilera bakar batera ez dutela deitu esan du alderdi horrek, atzo BERRIAk eta beste hedabide batzuek akordioaren berri plazaratutako informazioa lehenagotik bazekien arren.
Hiru alderdiei «nahi dituzten akordioak egiteko» zilegitasun osoa onartu arren, «Aralarren izena» ez dezatela erabil eskatu die. Aldaketa politiko eta sozialerako hitzarmenari buruz, eduki osoa ezagutu arte ez duela adierazpenik egingo gaineratu du Aralarrek.
Matutek baietz dio
Alternatibako bozeramaile Oskar Matuteren arabera, aldiz, Aralar jakitun zen akordioaren negoziazioez, eta Alternatibarekin ere bildu zen ezkerreko indarren metaketari buruz mintzatzeko. Joan den urrian Alternatibako Batzar Orokorrak emandako agindua betez, alderdiko exekutibak elkarrizketak abiatu zituen indar ezkertiar eta soberanistekin, eta Aralarrekin ere bildu zen. Matuteren arabera, ezker abertzaleak eta EAk baietz erantzun zuten eta orduan abiarazitako elkarrizketa prozesuak igandean izenpetuko duten akordioa izan zuen emaitza.
«Aralarrekin egindako bileran, aldiz, bere buruzagiek Alternatibari esan zioten ez zutela akordio estrategikorik hitzartuko egungo giro politikoan, baina bestelako hitzarmenetarako prest agertu ziren», azaldu zuen atzo Oskar Matutek, Facebook atarian.
Alternatibako eledunak, ordea, ez dio Aralarri aterik itxi: «Indarrak biltzeko esfortzuetan ez dugu etsiko, bakoitzaren denbora eta erabaki politikoak errespetatuz, gero eta gehiago izan gaitezen argazkian. Hori da euskal gizartearen zati handi batek eskatu diguna eta horretan konprometituta gaude».
ETAren su-etena. Erreakzioak
Aralarrek dio ez duela gonbitik jaso ezkerreko indarren akordiorako
Hitzarmenaren izenpetzaileei zilegitasun osoa onartu arren, bere izena ez erabiltzea galdegin die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu