Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideek euren buruak alderditik kanpo jarri dituztela erabaki du Aralarrek. «Autoesklusio» hitza erabili du alderdiko zuzendaritzak hiru legebiltzarkideak alderditik kanpo kokatzeko. Aralarren Hegoaldeko Batzarrak aho batez erabaki du hiru legebiltzarkideak alderditik at jartzea, eta horren berri eman die hirurei, hartutako erabakia igorrita.
Eusko Legebiltzarrean bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lantaldea babesteagatik sortutako desadostasunak aztertu eta alderdi barruko egoera bideratu nahian, zuzendaritzak atzo goizerako premiazko bilera batera deituak zituen Ezenarro, Basabe eta Erostarbe, baina horiek ez ziren azaldu. Bezperan, hirurek jakinarazi zuten ez zirela bilerara joango, agenda arazoengatik, eta nahiago zutela Aste Santuaren ondotik bildu. Zuzendaritzak, baina, egun berean jakinarazi zuen ez zuela aldatuko bilera eguna.
Egoeraren «larritasuna» ikusirik, ezohiko bilera egin zuen arratsaldean alderdiko hegoaldeko batzarrak, Donostian. Bilera horretan hartu zuen hiru legebiltzarkideak alderditik kanpo jartzeko erabakia: «Aralarren zuzendaritzak jakinarazten dizue alderditik kanpo jarri zaretela, autoesklusioz». Halaber, zuzendaritzak alderdiaren esku karguak uzteko egindako eskaera berretsi die; «luzamendurik gabe» egitea galdegin die, gainera.
Hiru legebiltzarkideei diziplina espedientea irekitzeko aukera aztertzen ari da alderdia, era berean. Jakinarazi duenez, berme batzordeari eskatuko dio azter dezala legebiltzarkideek barne diziplina hautsi duten ala ez; zehazki, Aralarren estatutuen 18.5, 18.6, 61.10 eta 61.11 puntuak urratu ote dituzten argitu beharko du berme batzordeak, zuzendaritzak jakinarazi duenez.
Bazterketarik eza
Zuzendaritzak gogor salatu du berriro ere Eusko Legebiltzarrean elkarbizitza eta bakegintzarako lantaldearen sorreran alderdiaren erabakia bete ez izana. Hala, euren jokabidearekin Aralarren «oinarri ideologikoak eta politikoak» eta alderdiko estatutuen 18.eta 61. artikuluetan ezarritakoa urratzea leporatu die Ezenarrori, Basaberi eta Erostarberi. Izan ere, Aralarrentzat ez da onargarria «bazterketarik eza»espresuki bermatzen ez duen lantalde bati baiezko botoa eman izana: «Aralarren oinarrizko balioa eta printzipioa da, eta betiizan da salbuespenik gabeko elkarrizketaren defentsairmoa», gogorarazi du.
Alderdiak bakearen, normalizazio politikoaren eta elkartasun sozialaren alde jokatzeko duen asmoa berretsi du, betiere balioak eta printzipioak «edozein taktika eta komenigarritasunen» gainetik jarrita. Hala, txostenaren izaera aldatuta eta edukian murrizketa eginda bazterketarik gabeko elkarrizketaren aldeko printzipioa «hautsita» geratu dela uste du. Eta zuzendaritzak esandakoaren kontra bozka egiteak alderdiaren barne arauak «larriki hausten» dituela ohartarazi die Aralarreko hiru legebiltzarkideei.
Alderdiak komunikabideetara igorritako oharrean gogora ekarri du martxoaren 30etik, hau da, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura egin zenetik, zuzendaritzak egindako eskaerei eta bilera proposamenei muzin egin dietela Ezenarrok, Basabek eta Erostarbek. Gainera, salatu du komunikabideen bitartez jakin duela alderdiaren erabakiaren kontrako jarrerari eusten diotela. Alderdiak elkarrizketarako egindako deiak aintzat ez hartzea ere leporatu die.
Aralarrek dio Ezenarro, Basabe eta Erostarbe alderditik at jarri direla
Aralarren zuzendaritzak «oinarri ideologikoak eta politikoak urratzea» leporatu die hiru legebiltzarkideeiAlderdiak ezohiko bilera batean hartu du erabakia, «egoeraren larritasuna» ikusirik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu