Aralarrek elkarlanera deitu ditu AB eta ezker abertzalea

Zabaletak dio ez dela akordio estrategikorako proposamena; nahi dutena itun «ideologiko egonkorra» dela

Patxi Zabaleta, ezker abertzaleari eta ABri eskaintza aurkezten. G. G. / ARP.
jon olano
Donostia
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Aralarrek elkarrizketak hastea proposatu die ezker abertzaleari eta Abertzaleen Batasunari, egoera politikoaren analisi bateratua egiteko eta indar metaketa baterako beharrezko baldintzak eztabaidatzeko. Proposamenaren arabera, Euskal Herrian gaur egun dauden baldintzek bideragarri egin dute ezker abertzaleak eta Aralarrek azterketa politiko bateratua egiten saiatzea, eta, «agian, gero», jokabide estrategikoak partekatzea. Bi alderdiek duten esparru politiko komun osoaren garapena aztertzeko garaia heldu dela dio Aralarrek.

Atzo egin zuen publiko proposamena, Donostian. Aralarrek esan duenez, publiko egin aurretik pribatuan ere egin zieten proposamena ezker abertzaleari eta ABri. Nolanahi ere, ezker abertzaleko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, publiko egin eta gero helarazi zieten beraiei proposamena. Ezker abertzaleak eta ABk, luzera begira, Aralarri baietz erantzungo diotela ziurtatu zuen Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak. Rebeka Ubera Gipuzkoako batzarkidea eta Jon Abril koordinatzaile ordea izan ziren proposamena euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zutenak.

Elkarrizketa mugarik eta baldintzarik gabekoa izan behar dela dio proposamenak, eta desadostasun eta liskarrek ez dezatela analisi bateratu bat egiteko aukera oztopatu eskatzen da bertan. Baina analisi komun batetik haratago doa Aralar. Ezker abertzalearen espazio politikoak egitura politiko egonkorra eta iraunkorra behar duela azaltzen du testuan: «Gaur zatituta dagoen ezker abertzale plural eta zabalak etorkizunean elkar hartuta jardun ahal izan dezan saiatzeko betekizuna dugu».

Euskal Herriak agente politiko «abertzale eta independentista, ideologikoki egituratua, eta izaeraz ezker, zabal, eraldatzaile eta eraginkorra izango dena» behar duela dio testuak. Horrela, Aralarrena «proposamen ideologiko egonkorra» dela azaldu du Zabaletak, ez estrategikoa: «Gure asmoak ez dira Lortu arte edo Euskal Herria ezkerretik akordioetan jasotzen direnak». Lortu arte akordioanaldarrikapen independentista besterik ez dela jasotzen azaldu du Zabaletak, eta hori egunerokotasunerako ez dela nahikoa esan du. Adierazi duenez, Euskal Herria ezkerretik akordiora ez zuten Aralar gonbidatu, eta hala egin izan balute akordioa ez zela berdina izango gaineratu du.

Balizko akordioak ez lukeela NaBain eragingo argitu du Zabaletak. Nafarroako egoera politikoak «berezitasunak» dituelako, NaBai beharrezkoa dela dio. Gainera, ezker abertzaleak ez duela inoiz koalizioan sartzeko eskaririk egin ziurtatu du. Hala ere, NaBai «aniztasunean oinarritutako elkarketa» bat dela esan du, eta, beraz, koalizioa osatzen duten alderdiek ez dutela «betiko ideologikoki lotuta geratzeko asmorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.