Aralar alderdiak EAE-ANVren zerrenda ez-legezkoenak liratekeen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal eta batzar nagusietako karguak ez hartzea erabaki du, Espainiako Alderdien Legearekin ados ez dagoela-eta. Gaur goizean Ion Abril Aralarreko koordinatzaileak eta Idoia Ibero EAE-ANVren Gipuzkoako Batzar Nagusietako hautagaiak bilera egin dute Orion (Gipuzkoa), eta ondoren jakinarazi dute erabakia. Baliogabetzeen kontrako bidean "aurrerapausoa" dela uste dute. EAE-ANVkoek kargu horiek hartzeko zer bide erabiliko lituzketen ez dute esan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Ezker Batua-Berdeekin koalizioan aurkeztu zen Aralar leku askotan, eta berak koalizioan eta bakarrik aurkeztuta lortutako karguak baina EAE-ANVrenak liratekeenak utziko ditu hartu gabe.
EAE-ANVren herrietako 130 zerrenda inguru eta lau herrialdeetako ia zerrenda den-denak baliogabe jo zituzten Espainiako auzitegiek. Alderdiak, hala ere, maiatzaren 27ko udal eta hauteskundeetan parte hartu zuen. Haren datuen arabera, 187.000 boto erdietsi zituen, eta beste alderdiei EAE-ANVri "dagozkion" karguak ez hartzeko eskatu die. Aralarrek baino ez du hori beteko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako kasuetan.
Udaletxeetan kargu-hartze ekitaldiak hilaren 16an izango dira. Beranduago izango dira Nafarroako Legebiltzarreko eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak.
Aralarrek ez ditu hartuko EAE-ANVrenak liratekeen karguak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal eta batzar nagusietako kasuetarako hartu du erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu