Eusko Jaurlaritzak proposatutako aurrekontu proposamenariosoko zuzenketa bat eta 157 zuzenketa partzial aurkeztuko dizkio Aralarrek. Izan ere, alderdi abertzalearen iritzian, Jaurlaritzak proposatu dituen aurrekontuetan gizarte gastua gehiegi murriztu da, eta gainera, hezkuntzan, hizkuntzan eta komunikabideen gaian «frentistak» direla uste du.
Osakidetzarako eta gizarte zerbitzuetarako aurkeztutako aurrekontuekin daude gehienbat asaldatuta Aralarreko kideak, atzo Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak beste hiru hautetsirekin batera -Oxel Erostarbe, Dani Maeztu eta Mikel Basabe- eman zuen prentsaurrekoan azaldu zuenez.
Aurrekontuek «sufrimenduaren ikuspegi murritza» dutela eta «garaitzaileak eta garaituak» dituen bake baten aldeko gobernu batenak direla uste du Aralarrek, eta, hain justu, horren erabat kontrakoa da, Ezenarroren hitzetan, Euskal Herriak behar duena.
PPk eta PSE-EEk ere zuzenketak aurkeztu dizkiete aurrekontuei: 220. Akordioa egin ostean aurkeztu dituzte zuzenketa horiek, eta, beraz, haiek aurrera ateratzeko behar duten gehiengoa ere eskura dute. Iñaki Oiarzabal PPko kideak esan duenez, osasuneko gastua eta hezkuntzakoa igoko dituzte zuzenketekin, eta horrela, «[Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez] Zapateroren hutsegiteak Euskadin errepikatzea» eragotziko dute. Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailearen irudiko, berriz, bi alderdien ituna «osasuntsu dagoela» erakusten du haien akordioak.
Aralarrek ez ezik, EAk, EBk eta UPDk ere osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenari. EAJk, berriz, «egonkortasun instituzionala» komeni dela argudiatuta, osoko zuzenketarik ez dutela aurkeztuko jakinarazi zuen. «Arduraz» jokatzeko eskatu zien jeltzaleei Pastorrek atzo.
Aralarrek osoko zuzenketa eta 157 zuzenketa partzial aurkeztu dizkie aurrekontuei
PSE-EEk eta PPk ituna egin eta hainbat zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote proposamenari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu