Arana: «Erantzutea dagokio ezker abertzaleari»

«ETAk lekurik izango ez duen apustua» egiteko eskatu die EBko koordinatzaileak ezker abertzaleko kideei

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Ezker abertzaleak jokaldi osoa egin izan balu bezala da, baloia azkentzeko pasea eman izan balu bezala eta ETAk azkendu ez balu bezala», azaldu zuen atzo Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak, ETAk bidaltzea espero den baina iristen ez den agiriari buruz mintzo zela. Aranaren ustez, ezker abertzaleak berak jarri du «prozesu osoaren amaiera» ETAren agiri baten baitan, iritsi ez dena, eta, beraz, orain «erantzutea dagokio ezker abertzaleari». EBko buruaren arabera, bere apustua bide demokratiko soiletan oinarritzen bada, eta hauteskundeetan parte hartu nahi badu, ezker abertzaleak «ETAz arnegatu beharra dauka». Aranaren hitzetan, «amaitu da ETAren agiriei itxaron behar hau. Ezker abertzaleak argi eta garbi esan behar du apustu bat egin duela eta apustu horretan ETAk ez duela lekurik».

PPren legebiltzar ekimena

ETAren agiriaren zain ez dagoenetako bat da PP. Baina balizko agiri horren ondorioz gustuko ez dituen ezein mugimendu ekiditeko asmoz, legebiltzar ekimen bat prestatzeari ekin dio Eusko Legebiltzarrak ETAri bere iragana «gaitzetsi» dezan exijitu diezaion.

PPko lehendakari Antonio Basagoitik aurreratu du legebiltzar ekimenak ETAri gaitzespen hori exijitzeaz gain, indarkeriaren balizko amaieraren oinarria «justizia eta legea ezartzea» izan behar duela ere proposatuko duela. Basagoitik esan duenez, ekimena PSE-EErekin eta EAJrekin adosten saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.