Arabako Biltzar Nagusiak

Aranak alderditik at utzi ditu EBko bi biltzarkideak

Negoziazioetan aritu direnek Ezker Batua ez dutela ordezkatu esan du, eta gertatutakoaz azalpenak eskatu dizkie

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
EBko bi biltzarkideek atzo hartutako jarrerak ondorio zuzenak izan ditu. Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusia «harrituta eta haserre» dago Nerea Galvezek eta Mertxe Etxezarretak inbestidura saioan izandako jarrerarekin. Gainera, Xabier Agirre jeltzaleak haien aurka egindako akusazioei sinesgarritasuna eman die EBko buruak, eta alderditik kanpo utzi ditu EBko biltzarkideak. Auzia erabat argitu arte, Galvezek eta Etxezarretak beren buruak baino ez dituztela ordezkatuko esan du. «EAJrekin modu horretan negoziatzen ibili direnak ez dira Ezker Batua ordezkatzen ibili, gure alderdiarekin zerikusirik ez duten egitasmo politikoekin lotutako interes politikoak baizik», salatu du Aranak, ohar batean.

Halaber, Aranak azpimarratu du negoziazio horietan aritutakoek ustez EAJri eskatutakoaren berri ez zuela Ezker Batuko zuzendaritzak, eta ohartarazi du bi biltzarkideek eta negoziazioetan aritu diren pertsonek azalpenak eman beharko dituztela. «Halako planteamenduak egin dituztenak Ezker Batutik kanpo daude, alderdiarentzat onartezina delako gisa horretako politika egitea». Horrez gain, Arana «etsita» agertu da EBren biltzarkideek Arabako Diputazioa PPren esku utzi dutelako, eta Galvezek eta Etxezarretak hartutako erabakia EBko kontseilu politikoaren erabakien aurka doala azaldu du.

Urkulluren kritika

Javier de Andres ahaldun nagusi izendatu baino ordu batzuk lehenago, hautagai popularraren izendapena «aurrez hartutako erabaki baten kronika» zela esan zuen Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak, eta EBk Bildu eta PSE-EEri Arabako diputazioan gobernua osatzeko eskaintza «aitzakia» baino ez zela. «Euren erabakiarekin aldundia PPren esku izango dela estaltzeko aitzakia baino ez da».

Irratian eginiko adierazpenetan, atzoko bozketan EBk hartutako erabakia «aurrez iragarritakoa» zela nabarmendu zuen eledun jeltzaleak, lehenago Biltzar Nagusietan gertatutakoaren «bigarren pasartea». Urkulluren esanetan, EBko bi biltzarkideak ez ziren bozketan «okertu», eta hala izendatu zuten Juan Antonio Zarate ganberako presidente.

Herenegun EBk militanteen artean eginiko kontsulta ere zalantzan jarri zuen bozeramaile jeltzaleak, haren esanetan, «ia derrigorrezko erantzun bat ematera behartuta» baitzeuden, eta ez zieten EAJren proposamena aurkeztu, «alderdi honen erabakia, beraz, aurrez zegoen hartuta».

Urkulluren esanetan, EBrekin izandako negoziazio «zailetan» EAJk «ahalegin handia» egin zuen, alderdiko programa oinarri izanik,Agirreren aldeko babesa lortzeko. EBren xedeak, ordea, «beste batzuk» zirela adierazi zuen Urkulluk. Aurrera begira, EAJko buruak erakunde egitura «konplexua» geratu dela gogoratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.