Nerea Llanos Eusko Legebiltzarreko PPko parlamentariak jakinarazi du hautagaitza bakarra izango dela mahai gainean martxoaren 7an EAEko PPk egingo duen ezohiko batzarrean. Arantza Quirogak aurkaririk ez du izango kargua beste agintaldi bat egiteko, beste hautagairik ez baita izango.
Batzarra Donostian egingo du PPk. Llanosek esan du orain Quirogak aurkeztutako sinadurak egiaztatu behar dituztela, hautagaitzak arauak betetzen dituela berresteko. PPk gaur arratsaldean egingo du bilera, eta ondo bidean Quirogaren hautagaitza berretsiko du.
Llanosek gaineratu du martxoko batzarra ez dela izango "hausteko", baizik eta "berritzeko". Quirogak iazko maiatzean hartu zuen PPren presidentetza, Antonio Basagoitik utzitako lekukoa hartuz. Patxi Lopezen agintaldian Eusko Legebiltzarreko presidente izan zen.