Arantza Quiroga izango da EAEko PPko presidentea

Zuzendaritzako kideek hartu dute erabakia, aho batez, eta ezohiko batzarra atzeratzea erabaki dute

Arantza Quiroga. A. PRESS.
Erredakzioa
2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arantza Quiroga izango da EAEko PPren presidente berria. Alderdiko zuzendaritzako kideek aho batez babestu dute haren hautagaitza. PPren lurralde batzordeak bilera egingo du asteartean eta erabakia berretsiko du. Modu horretan ezohiko batzarra deitzea saihestu du zuzendaritzak. Alderdiko iturriek jakitera eman dutenez, «hilabete batzuk» atzeratuko da batzarra, eta, ordura arte, gutxienez, presidente kargua hartuko du Quirogak, behin behinean. Militanteek karguan mantentzen duten edo ez erabakiko dute orduan.

Antonio Basagoitik kargua utzi behar duela iragarri eta egun gutxira hartu du erabakia zuzendaritzak. Atzo bildu ziren alderdiaren Bilboko egoitzan, eta han izan ziren Antonio Basagoiti presidentea, Iñaki Oiarzabal idazkari nagusia eta Alfonso Alonso Arabako PPren presidentea, Anton Danborenea Bizkaikoa eta Borja Semper Gipuzkoakoa. Aste honetan bertan eta kazetarien galderei erantzunez, Alonsok ez zuen baztertu hautagaitza aurkeztea, baina egun Madrilen duen karguan eroso sentitzen zela adierazi zuen —PPren bozeramailea da Espainiako Kongresuan—. PPko iturriek jakitera eman dutenez, hautagaitza ez aurkeztea galdegin diote zuzendaritzako kideek eta eskaera onartu du Alonsok.

Madrilen deia

Oso gazte zela sartu zen politikan Arantza Quiroga (Irun, 1973). Lehenengo, bere herriko udalean, zinegotzi gisa, eta, ondoren, Eusko Legebiltzarrean. Lau legegintzaldi egin ditu Gasteizen, eta, 2009tik 2012ra, Patxi Lopezen agintaldian, Eusko Legebiltzarreko presidente hautatu zuten. Egun PPren bozeramailea da legebiltzarrean eta da alderdiaren gizarte politikako idazkaria. Zuzenbidean lizentziaduna da Quiroga eta Opus Deiko kidea da.

Maria San Gilen dimisioaren ostean, Basagoitiren alde egin zuen, 2008an. Basagoitik bere erabakiaren berri eman eta hurrengo egunean jaso zuen Madrilgo zuzendaritzaren deia. Quiroga asteazkenean bildu zen Maria Dolores de Cospedal alderdiko idazkari nagusiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.