Euskal presoak

Arantza Zulueta aske uzteko eskaera ukatu du Auzitegi Nazionalak

Apelazio helegitea jarri zuen abokatu presoaren defentsak, baina atzera bota dute, "ihes egiteko arriskua" argudiatuta. 2014ko urtarriletik dute preso, behin-behinean.

2014ko urtarrilean atxilotu zutenetik dago preso Zulueta. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2016ko ekainaren 9a
13:32
Entzun

Besteak beste, "ihes egiteko arriskua" argudiatu dute Auzitegi Nazionaleko 2. zigor salako epaileek, leporatzen dioten delituaren larritasuna aipatuta. Hala, berretsi egin dute Zuluetak kartzelan jarraitu beharko duela. "Eskaerak ez ditu biltzen baldintzapean aske uzteko baldintza bereziak".

2014ko urtarrilean atxilotu zuten abokatua, EPPK-ko Mintzaidetza Lanetarako Taldeko zazpi lagunekin batera. Preso eduki dute geroztik, eta haren ingurukoek askotan salatu dute legez kanpo bakartuta eduki dutela denbora horretan. "Erakunde terroristako kide" izatea leporatzen diote.

Puerto Santa Maria kartzelan (Cadiz, Espainia) dute Zulueta, isolatuta.

De Pradaren boto partikularra

Concepcion Espejel eta Julio de Diego epaileek egin dute erabaki horren alde. Jose Ricardo de Pradak, aldiz, boto partikularra eman du. Haren esanetan, Zuluetaren defentsak "nahikoa arrazoi" azaldu ditu baldintzapean askatzea onartzeko. De Pradak gogora ekarri du "salbuespen izaera" duela behin-behineko espetxeratzeak, eta Zuluetaren kasuan, berriz ere deliturik egiteko arriskurik ez dagoela.

Presoen aldeko "borroka indartzera" deitu du Sortuk

Ohar bidez, Zulueta berehala aske uzteko "exijitu" du Sortuk, eta gogora ekarri du bi urtetik gora daramala abokatuak "bakartze egoera gogorrean". Oro har, PPren jarrera eta espetxe politika salatu ditu alderdi independentistak, "salbuespenezko eta mendekuzko" neurrietan oinarritzen direlako.

"Sortuk beharrezko ikusten du euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartzea", gaineratu dute: "Indarrak biderkatu behar ditugu: mobilizazio sozialen bitartez, babes politikoa eta konpromiso instituzionala indartuz… Hori da Sorturen konpromisoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.