Euskal presoak

Arantza Zulueta Valentziako espetxera urrundu dute

Zulueta Zaballako espetxetik (Iruña Oka, Araba) Picassentekora (Valentzia, Herrialde Katalanak) urrundu dutela salatu du Sarek. Elkarretaratzera deitu du asteazkenerako, Bilbon.

Arantza Zulueta abokatua, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOñA, EFE
2019ko azaroaren 11
17:52
Entzun

Arantxa Zulueta euskal preso eta abokatua Zaballan zegoen joan den irailaren 30az geroztik, 11/13 sumarioko zigor epaia betetzen. Zuluetarekin batera, egun berean sartu zen Zaballara Jon Enparantza abokatua ere. Enparantza Madrilgo Estremera espetxera urrundu zuten, urri bukaeran, haren familiari ezer ere esan gabe. Enparantza eta Zulueta izan dira 11/13 sumarioko aldeen arteko akordioaren ondorioz kartzelara joan behar izan duten bi auzipetuak. Zigorra osorik betetzeko lau hilabeteko kartzelaldia geratzen zaie.

Sarek gaitzetsi egin du Zulueta Euskal Herritik urruntzeko erabakia. Haren esanetan, "espetxe politika krudelaren" eta "mendeku" nahiaren ondorioa da. "Espainiar gobernuak biderik ulertezinena hartu du. [Zulueta eta Enparantza] Beraien senideengandik ehunka kilometrotara urruntzea, zigorra betetzeko soilik lau hilabete geratzen zaizkienean".

Indarrean den espetxe politikarekin amaitzeko eskatu dio Sarek Espainiako Gobernuari, eta nabarmendu du Zuluetaren eta Enparantzaren urruntzearekin "pertsona gehiagoren bizia arriskuan" jartzen duela Madrilek. "Arantzaren senideek 500 kilometro baino gehiago egin beharko dituzte asteburuero, neguko eguraldiei aurre eginez. Nori egiten dio mesede horrek? Zergatik jarraitzen du Espainiako Gobernuak iraganeko politika horrekin? Soilik erantzun bakarra datorkigu burura: mendekua".

Zuluetaren urruntzea salatzeko, mobilizaziora deitu du Sarek. Elkarretaratzea egingo du asteazkenean, Bilbon. Udaletxe aurrean izango da protesta bilkura, 19:00etan hasita.

Zuluetari hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi eguneko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak; Enparantzari, berriz, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Biak lehendik egonak ziren preso, behin-behineko egoeran: Zulueta hiru urte eta hilabete batez, eta Enparantza bi urte eta bi hilabetez. Horrenbestez, lau hilabeteko kartzelaldia gelditzen zaie zigorra osorik betetzeko.

Enparantza urriaren 25ean atera zuten Zaballatik Espainiako Espetxe Erakundeek, haren familiari ezer esan gabe, presoari etxera telefono deirik egiten utzi gabe, eta jendaurrean esan gabe nora zeramaten. Handik lau egunera bukatu zen Enparantzaren lekualdatzea, Estremerako espetxera iritsita. Madrildik deitu zion familiari. Zaballatik atera zutenetik, Burgosen, Valladoliden, Topasen (Salamanca), Palentzian eta Valdemoron (Madril) izan zuten, eta familiak "bahiketa" salatu zuen.

Irailaren 16an hasi eta bukatu zen 11/13 auziko 47 lagunen aurkako epaiketa. Parteen arteko akordio bat dela bide, auzipetu guztiek espetxera joatea ekidin zuten, Enparantzak eta Zuluetak salbu. Bi horiei bi urtetik gorako zigorrak ezarri zizkieten. 11/13 sumarioko auzipetuen abokatuek eta fiskaltzak egin zuten akordioa, eta horra batu ziren AVT eta Dignidad y Justicia akusazioak.

Euskal presoen eskubideen alde aritutako abokatu eta elkarte batzuen aurkako epaiketa izan zen. 45 auzipeturi "erakunde terrorista batean parte hartu izana" egotzi zien epaiak, eta urte eta erdi eta bi urtera arteko espetxe zigorra jarri zieten. Enparantzari eta Zuluetari "erakunde terrorista bateko kide izatea" leporatu zien sententziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.