Aranzadiren eta Ezkerraren hordagoak ez du udala zartarazi

Iruñeko udal gobernuan kontsentsurik ez dagoela salatu dute bi alderdiek. Aldaketa «alderdien gainetik» dagoela esan du Asironek

IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ez dute baloia zulatu, baina partida baldintzatu dezakete. Iruñeko Udala «gobernu krisi» batean murgilduta zegoela iragarri eta EH Bilduren nahiz Geroa Bairen jarrera kritikatu ostean, lauko gobernua ez dela apurtuko onartu dute Aranzadi eta Ezkerra udal taldeek. Joseba Asiron alkateak ere konpromiso osoa berretsi du lau indarrek 2015ean sinatutako itun programatikoaren alde, «aldaketa alderdien gainetik dagoelako», eta gogoetarako tarte bat zabalduko duela gaineratu du, «taldeen arteko lankidetzaren arauak ezartze aldera». Odolak ez du, beraz, errekara bide egin, baina agerian utzi ditu laukoaren barruko desadostasunak.

Atzo goizean egin zuten agerraldia Aranzadik eta Ezkerrak, udal gobernuaren barruan sortutako «konfiantza krisia» azaleratzeko. Mugikortasuna —edo zehatzago, Pio XII.aren etorbidea birplanteatzeko proiektua— izan da polemikaren sua piztu duen txinparta, baina, oro har, lauko gobernuaren funtzionamenduan ikusten dute arazoa.

Aldarrikapen bikoitza egin zuten Armando Cuenca (Aranzadi) eta Edurne Egino (Ezkerra) zinegotziek: batetik, erabakiak «adostasun eta kontsentsu handiagoz» hartu behar direla adierazi zuten; bestetik, aldaketa politiko «sakonagoa» eskatu. «Agintaldiaren erdialdera iritsi gara, eta, tamalez, gauzak ez dira asko aldatu», esan zuen Cuencak. Mugikortasunaren auziari dagokionez, «ausardia falta» egotzi zien alkateari eta udal gobernuari eusten dioten beste taldeei. «Ausartuko al gara ibilgailu pribatuei espazioa kentzera ala ez? Gu prest gaude, baina EH Bildu eta Geroa Bai zalantzati ikusten ditugu. Ezin diozu eztabaidari izkin egin, horrek erakusten baitu beldur diozula aldaketari».

Asironek, berriz, ukatu egin du udal gobernuaren barruan talde lana sustatu ez dela, eta Ezkerrak eta Aranzadik Iruñeko Udalaren aurrerapausoak gutxiesten dituztela dio: «Ez dut triunfalismoan erori nahi, baina hirian egin ditugun aldaketa sakonak ukatzea ez da serioa». Memoria historikoarekin lotutako gaiak, euskarazko haur eskolen auzia, bazterketa soziala erauzteko neurriak jarri ditu adibide gisa. «Iaz, agintaldiko lehen urtea pasatuta, betea genuen itun programatikoan adostutakoaren %54, eta hori taldeko lanari esker lortu genuen, guztion artean». Horregatik, «arduraz jokatzeko» eskatu die Aranzadi eta Ezkerrako zinegotziei. «Ezin da lortutako guztia zalantzan jarri desadostasun jakin batengatik; kasu honetan, Pio XII. etorbidea berrantolatzeko proiektuarengatik».

Eta orain, zer?

Aranzadik eta Ezkerrak alkateari eginiko hordagoak ez du ondorio drastikorik eraginen, ez baitira lauko gobernutik aterako. «Honakoa ez da mehatxu bat. Abisu soil bat da, gauzak aldatzeko. Aldaketa sakonagoak eta zabalagoak nahi ditugu, hori da dena», azpimarratu zuen Cuencak. Eginok ere argi utzi zuen Iruñeko udal gobernua ez dutela kolokan jarriko: «Ez goaz inora. Ez dugu gobernutik ateratzeko asmorik, ez baitago alternatibarik».

Alkateak, berriz, eztabaidarako eta gogoetarako aukera zabalduko die udal gobernuko taldeei: «Barne gogoetarako tarte bat behar dugu zinegotzi guztiok, gaur gertatutakoa gorabehera, taldean lan egiteko modu egoki bat dagoelako, eta argi dago horrek huts egin duela. Arauak birplanteatu behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.