Hizkuntza gutxituak

Araudia aldatuta, Espainiako Kongresuan euskaraz egin ahal izanen da aurrerantzean

EH Bilduk euskararen zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu dio PSNri Madrilen, eta EAJren zuzenketa onartu dute, itzulpenek balio juridikoa izan dezaten.

Isabel Rodriguez eta Miquel Iceta ministroak itzulpen zuzena aditzeko kaskoa belarrian dutela, gaur, Espainiako Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iker Tubia.
2023ko irailaren 21a
11:59
Entzun

Hasiak ziren euskaraz, katalanez eta galizieraz solastatzen, baina hemendik aurrera berme juridiko handiagoarekin eginen dute. Gaur aldatu dute Madrilgo Diputatuen Kongresuko araudia, han hizkuntza gutxituetan mintzatu ahal izateko. 180 diputaturen baiezko botoekin atera da aurrera moldaketa; gainerako 170 diputatuek kontrako botoa eman dute. Alderdi abertzaleak kontent agertu dira aldaketarekin, eta «historikotzat» jo dute haietako askok. PPk abertzaleen nahien arabera aritzea leporatu dio PSOEri, eta Borja Senperrek gaur ez du euskaraz hitz egin.

Araudia ez ezik, EAJk aurkeztutako zuzenketa ere onartu dute. Itzulpenek balio juridikoa izan dezaten eskatu dute jeltzaleek, Espainiako Kongresuan onartzen diren lege ekinaldiak gaztelaniaz bestelako hizkuntzetan argitaratu daitezen. «Eskatzen dugu ahal bezain laster Mahaiak beharrezko akordioak egin ditzala ganberak behin betiko onartutako lege ekinaldiak argitaratuak izan daitezen Kongresuko aldizkari ofizialean, benetako izaera ofizialarekin», esan du Joseba Agirretxea EAJko diputatuak. Modu horretan legeak «indarra» eta «balio juridikoa» izanen dituela uste du jeltzaleak. PPko diputatuek ez dituzte paratu aurikularrak Agirretxearen euskarazko hitzak ulertzeko.

Gaurko saioan ere hizkuntza gutxituen aldeko aldarriak aditu dira Kongresuan. Bel Pozueta Nafarroaz aritu da EH Bilduren hitzaldian: zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu die PSOEri eta PSNri. «Nafarroan politika publikoak egin dira euskararen kontra, eta UPNk eta PSNk bat egin dute euskararen kontrako politika horietan». Santos Cerdan (PSN), Alberto Catalan (UPN), Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero (PP) diputatuei gogorarazi die euskara «lingua navarrorum» dela. Bestalde, kontent agertu da araudiaren moldaketarekin, euskarak beste eremu bat hartzea hizkuntzaren aldeko urratsa delakoan.

PSOEren jarrera katalanez defendatu du Marc Lamua diputatuak, eta hizkuntzak «elkargune» direla aldarrikatu: «Araudian esplizituki jasota ez dauden aferak jada ezin izanen dira erabili hemiziklo hau aurrez aurre jartzeko eta banatzeko». Adierazi du PSC dela katalana «batasunerako» hizkuntza izatea bultzatu duen alderdia, eta aniztasunaren defendatzailetzat jo du bere alderdia: «Beste hizkuntzak maitatuz eta errespetatuz defendatzen da ama hizkuntza». Esan duenez, «ezin zuten onartu» hizkuntzak «zarata» eta «gatazka» egiteko erabiltzea: «Hizkuntza aniztasunak ez du banatzen; hizkuntza aniztasunak aberasten gaitu, beti». Bestalde, PPri kontraesanetan erortzea leporatu dio, Galizian lanpostu publikoetan galiziera eskatzen duelako, eta Balear Uharteetan, berriz, katalana «ahal duen leku guzietatik» ezabatu.

Senperrek euskara baztertu du

Araudia moldatzearen aurka agertu da PP, eta Borja Senperrek defendatu du bere alderdiaren jarrera. Gaur, herenegun ez bezala, ez du euskaraz egin. Errealitatea «faltsutzea» leporatu dio PSOEri, haren argumentuak «antzezpen hutsa» direlakoan. Aldaketa «legez kanpokoa» dela esan du, eta erabakia haiek gabe hartzea txarretsi, «halako garrantzia duen» aldaketa batek «diputatu gehien d uen alderdiaren» onespena beharko lukeelakoan. Senperrek esan du gaztelania dela «hizkuntza komuna», eta «arazotzat» jo du hori ukatzea.

Kataluniako preso politikoen amnistiaz mintzatu da Senper, eta jarrera aldatzeko eskatu die PSOEko diputatuei: «Xenda honetatik jarraitu aurretik, hausnartu ezazue». Izan ere, PPko diputatuak uste du araudia aldatuta alderdi independentisten eskariei «men» egin diela Pedro Sanchezek; are, iragarri du gehiagotan eginen duela. «Non dago muga?», galdetu du. PPk hiru zuzenketa aurkeztu dizkio legeari, baina Kongresuko gehiengoak atzera bota ditu hirurak. Voxek osoko zuzenketa aurkeztu du, baina gainerako alderdiek ez dute babestu.

Kataluniako alderdiek begi onez ikusi dute moldaketa, baina zuhurtziaz mintzatu dira. «Diskriminatu gintuzten horiek berak dira orain hizkuntza koofizialen defendatzaile agertzen direnak, hemen eta Europan», esan du Pilar Calvo JxCko diputatuak, PSOEri erreferentzia eginez. Bere alderdiari loreak botatzeko ere profitatu du: «Argi dago ekuazioan Junts falta zela». «Erreformaren aldeko eta kontrako blokeetatik» at paratu du bere burua: «Baina katalanera ez diskriminatzeko gakoa gara beti».

ERCko Montserrat Bassak esan du «kontent» dagoela bere hizkuntzan hitz egin dezakeelako, eta «historikotzat» jo du erabakia, Europan hizkuntza ofiziala izateko bidean «beharrezko urratsa» delakoan. Gainera, uste du neurri horrek Herrialde Katalanen existentzia ikusaraziko duela. «Gure hizkuntzan aritzeko eskatuta, ez gara Espainiako Estatua erreformatzera etorri; gure behin betiko independentzia ailegatzen ez den bitartean, ERCk gure eskubideen alde borrokatzen jarraituko du».

Aragoieraz ere bai

Euskara, galiziera eta katalana ez ezik, aragoiera ere aditu da gaur goizeko saioan. Jorge Pueyo Chunta Aragonesista alderdiko diputatuak hitza hartu du Voxeko Maria Jose Rodriguezi erantzuteko, jasandako hizkuntza jazarpenarengatik trufa egin baitio eskuin muturreko diputatuak. «Errepresio linguistikoa jasan dugu, hori egia da», esan dio, irmo, Pueyok, eta gogorarazi dio berak ezin izan zuela aragoieraz ikasi: «Afera ez da ongi hitz egitea, errespetuz hitz egitea baizik, eta jende horrek [Voxekoak] ez du errespeturik. Jende horrek beti zentsuratu gaitu eta beti jazarri zaigu. Nik ezin izan nuen nire hizkuntzan ikasi, eta aragoiarrek ez dituzte hizkuntza eskubide guziak». Hizkuntza guziak errespetatzeko eskatu du Pueyok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.