eguraldia

Arazo gutxiago gaur

Atzo Bizkaian egin zuen euri gehien, eta gaur batez ere Euskal Herriko ipar-ekialdean botako du. Ez dute, ordea, arazo larririk aurreikusi.

2010eko ekainaren 17a
14:33
Entzun

Euria latz bota zuen atzo -Bizkaian, batez ere-, baina gaur gutxiago ari du eta, iragarpenaren arabera, atertuz joango da. Euskal Herriko ipar-ekialdean egingo du gehien: Gipuzkoan, Nafarroako iparraldean eta Lapurdin -Senperen, kasu, ibaiak gainezka egin du-. Hala ere, ez dute arazo larririk aurreikusi. Azken egunotako eta bereziki atzo botatako euri jasen eta euriteen ondorioz hainbat ibaik gainezka egin eta eragozpenak sortu ziren atzo. Bizkaian eragin zituen kalterik handienak euriak. Hala, besteak beste, Butroe, Nerbioi, Gobela eta Cadagua ibaiek egin zuten gainezka. Bilbon, Udaleko Krisi Mahaiak alerta laranjaren mailarik altuena ezarri zuen arratsaldean. Egun osoan uholde arriskua ikusirik, ibilgailuak itsasadarraren ondoko errepide eta aparkalekuetatik ateratzeko eskatu zien Udalak herritarrei. Ibaiaren inguruko, Zazpikaleetako eta Zorrozaurreko dendak ixteko ere eskatu zuen, eta lau mila hondar zaku erabili zituzten uraren bidea eragozteko. Arriaga antzokia jendez hustu behar izan zuten, eta itsasadarrak gainezka egin zuen hiriburuko gune batzuetan. Butroe ibaiak Mungia inguruko zenbait eremutan egin zuen gainezka, eta ibai berberak Bakion, Gamiz-Fikan, Marurin eta Gatikan ere eragozpenak sortu zituen. Hala, Plentzia eta Mungia lotzen dituen BI-2120 errepidea itxita egon zen Maruri parean. Nerbioi ibaia ere bere bidetik irten zen Arrankudiaga inguruan, eta Zabalza auzoko sei baserritako bizilagunak isolaturik geratu ziren. Gobela ibaiak ere, 16:00 aldera, gainezka egin zuen Getxoko zenbait puntutan, eta herriko hainbat kale itxi egin behar izan zituzten. Udalak Fadurako kirol instalazioak ixtea ere erabaki zuen, eta herriko eremu baxuetako biztanleei ibilgailuak eta garaje eta beheko solairuetako lokaletatik gauzak ateratzeko eskatu zien. Udalak jakitera eman zuenez, arratsaldean hainbat etxebizitzatan ura sartu zen eta suhiltzaileak eta udaleko langileak ura ateratzeko lanetan aritu ziren. Udaltzaingoak hainbat kotxe ere erretiratu zituen. Hamaika pertsonak euren etxeak utzi eta hoteletan egin behar izan zuten lo, uholdeen eraginez. Cadagua ibaiak ere arazoak sortu zituen Balmaseda, Sodupe, Gue�es eta Alonsotegi inguruetan. Zehazki Alonsotegin eta Gue�esen gainezka egin zuen Cadaguak, eta hainbat garaje eta etxebizitza ere kaltetu zituen. Barakaldon ere euriak eragozpen ugari sortu zituen eta herriko hainbat errepide itxi egin behar izan zituzten, ur putzuen eta lurjausien ondorioz. Basaurin ere gainezka egin zuen ibaiak. Aguera erreka Turtzioz inguruan, Asua ibaia Erandion eta Barbadun Sopuertan ere gainezka egiteko arriskuan izan ziren hainbat orduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.